Politika -

Bakea eta bizikidetza

Jaurlaritza: 'Poliziaren biktimak aitortzeko zilegitasuna eman digu Konstituzionalak'

Poliziaren gehiegikerien biktimak aitortzeko eta erreparatzeko Legebiltzarrak onartu zuen legearen aurka Ciudadanosek aurkeztu zituen helegiteak atzera bota ditu Auzitegi Konstituzionalak.

Jonan Fernandez. Argazkia: EFE
Jonan Fernandez.
Jonan Fernandez. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jonan Fernandezek esan du Eusko Jaurlaritzak "zilegitasun osoa" daukala poliziaren gehiegikerien biktimak aitortzeko eta erreparatzeko, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak eman berri duen ebazpena kontuan hartuta.   

Euskal Autonomia Erkidegoan, 1978tik 1999ra bitartean, poliziak eta Estatuko funtzionarioek egindako giza eskubideen urraketen biktimak aitortzeko eta pertsona horiei kalte-ordainak ordaintzeko Legebiltzarrak onartu zuen legearen kontra Ciudadanosen talde parlamentarioak aurkeztutako helegiteak atzera bota dituela jakinarazi zuen atzo Konstituzionalak.  

Jonan Fernandezek adierazi du epaia "albiste oso ona" dela biktima horientzat guztientzat eta eurengatik pozten dela erantsi du. Halaber, ebazpena oso garrantzitsua dela azpimarratu du, ekimena "legezkoa" dela erakusten duelako. "Ebazpena oso argia da zentzu horretan, ez dago zalantzarako zirrikiturik eta, ondorioz, legea aurrera eramateko bidea irekita geratu da", esan du.

Ikuspuntu juridikotik, "Eusko Jaurlaritzak funtzionario publikoek edo partikularrek motibazio politikoarekin egindako giza eskubideen urraketen biktimak aitortzeko eta erreparatzeko Eusko Jaurlaritzak zilegitasun osoa daukala baieztatu da".

Horrez gain, errekurtsogileen "argumentu guztiak" atzera bota dituztela nabarmendu. Areago, "Konstituzionalak bat egin du Jaurlaritzak eta Legebiltzarrak aurkeztutako alegazioetan egindako interpretazioarekin", zehaztu du.  

Ikuspuntu etikotik ere epaia oso garrantzitsua dela adierazi du Fernandezek, "biktimei, memoriari eta bizikidetzari buruzko gaietan modu bateratuan aurrera egiten jarraitzeko inflexio puntua delako".

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa Eguneko albisteak Albisteak Espainiako Auzitegi Konstituzionala Bakea Euskadin