Politika -

Auzitegi Konstituzionala

Atzera bota dute Ciudadanosek polizia-gehiegikerien legeari jarritako helegitea

Lege horrek ez duela eskumen judizialik urratzen eta biktimen batzordeak ez dituela delituak ikertzen ulertuta hartu du erabaki hori Auzitegi Konstituzionalak.

Auzitegi Konstituzionala. Argazkia: EFE
Auzitegi Konstituzionala.
Auzitegi Konstituzionala. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoan izandako motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan, 1978 eta 1999 urteen bitartean giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei aitortza eta erreparazioa emateko euskal legearen aurka Ciudadanosek jarritako helegitea atzera bota du Auzitegi Konstituzionalak, lege horrek ez duela eskumen judizialik urratzen eta biktimen batzordeak ez dituela delituak ikertzen ulertuta.

Hain zuzen ere, Ciudadanosek 2019ko maiatzean jarri zuen polizia-gehiegikerien euskal legearen aurkako konstituzio-kontrakotasuneko helegitea, epaileen eskumenetan sartzen zela iritzita. Izan ere, alderdiaren arabera, lege horren baitan sortutako batzordeak dagoeneko epaitegietan aztertutako auziak ikertzeko aukera ematen zuen. Horrez gain, legeak Espainiako Polizia eta Guardia Zibila "iraintzen" dituela salatu zuen, "haien jardunari buruzko zalantzak sortuz".

Ebazpen horretan, 2016an Espainiako Gobernuak legearen aurka helegitea jarri zuela gogora ekarri du Auzitegi Konstituzionalak. Alabaina, bi aldeen arteko akordio baten ostean, Eusko Legebiltzarrak aldaketa batzuk egin zituen iaz onartutako legean. Azken lege horren aurka aurkeztutakoa da, hain zuzen ere, Ciudadanosen azken helegitea.

Epaiak legearen edukia aztertzen du, eta aipatzen duen aldian giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei aitortza eta ordaina eman nahi diela adierazten du. Balorazio-batzordearen osaera eta eginkizunak ere aipatzen ditu, eta haren zeregina aztertzen du, jurisdikzio-funtziorik ez duela eta eskumen judizialak urratzen ez dituela ondorioztatuz.

Konstituzionalaren arabera, ordea, biktimen batzordeak ez du gertakarien inguruko ikerketarik egiten; izan ere, euskal legeak "espresuki debekatzen du kalte-ordaina dakarten egitateak batzordeak berak ikertu ahal izatea".

Nabarmendu du, halaber, biktimei buruzko erabakiak "espediente administratibo edo judizialetatik" abiatzen direla, edo eskatzaileak beste era batera egiaztatzen dituela. Gauzak horrela, honako hau ondorioztatu du: "Ez dago hemen delitu izan daitezkeen jokabideen ikerketarik eta erabakirik, batzordearen zeregina ez baita egitateak ikertzea eta zigortzea".

Testuinguru horretan, Eusko Legebiltzarrak onartutako legeak aurreikusitako erreparazio sistemaren xedea 1999. urtera arte gertatutakoak aztertzen dituela azpimarratu du ebazpenak. Hala, "horietako gertakari asko dagoeneko preskribatuta daude eta ezin dira jada justizia auzitegietan planteatu".

Auzitegi Konstituzionalaren iritziz, arauak aipatzen duen "lankidetzak" ez du "gertaerak argitzea" helburu, baizik eta "biktimak daudela eta erreparaziorako eskubidea dutela egiaztatzea". Horregatik guztiagatik, Auzitegi Konstituzionalak atzera bota du Ciudadanosen helegitea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Bilbo Donostia Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa Delituak Espainia Epaiketak Salaketak Ciudadanos Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Auzitegi Konstituzionala Giza eskubideak Polizia abusuen biktimak