Politika -
Polemika
Sanchez militanteei zuzendu zaie monarkia eta itun konstituzionala babesteko
Arduradun publiko ororen jokabidea eredugarria izan behar dela azpimarratu du Espainiako Gobernuko presidenteak, eta, hala izan ezean, eman beharreko azalpenak eman behar direla adierazi du.
Agentziak | Erredakzioa
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea monarkiaren eta itun konstituzionalaren alde agertu da militantzia sozialistari ostegun honetan igorritako gutun batean, Espainiako errege emeritua herrialdetik irten eta hiru egunera. Idatzi horretan nabarmendu duenez, "jokabide irregularrek horien erantzuleak konprometitzen dituzte bakarrik, ez erakundeak".
"Itun konstituzional horren baitan, monarkia parlamentarioa beste elementu bat gehiago da; ez itun osoa, itun guztia Konstituzioa baita. Alabaina, Konstituzioa ezin da zatitu eta bakoiotzak bere interesen arabera erabili", esan du Sanchezek gutunean.
Ildo horretatik, Espainiak "erakunde sendoak" behar dituela nabarmendu du, betiere "eredugarritasunaren indarguneetatik abiatuta". Hala, arduradun publiko ororen jokabidea eredugarria izan behar dela azpimarratu du, eta hala izan ezean, eman beharreko azalpenak eman behar dira. Bere iritziz, Juan Carlos I.arekin "gauza bera gertatuko da, salbuespenik gabe".
Gainera, PSOE "itun konstituzionalarekin erabat konprometituta" dagoela adierazi du Sanchezek, eta Konstituzioa ez zela "lagapen edo kontzesio bat izan" gaineratu du. Hala, militante sozialistek egin dezaketen "akatsik larriena kontserbadoreei legatu konstituzionalaren esklusibotasuna oparitzea" dela azpimarratu du.
Halaber, koalizio-gobernuaren zazpi hilabete hauetako ibilbidearen inguruko balantzea egin du gutunean, gaur egungo egoera COVID-19ren pandemiak eta horrek eragindako ondorio sanitario, ekonomiko eta sozial larriek baldintzatuta egon arren. Dena dela, Sanchezek ez du inolako aipamenik egin Unidas Podemosi buruz, bere gobernuko kidea dena, ezta koalizioaren lanari buruz ere. "Koalizio-gobernu aurrerakoi honek bizitzak, enpleguak eta enpresak salbatzeko ahalegin handia egin du", esan du bakarrik.
Etorkizun hurbilari begira, eta susperraldia "enpleguaren eta jarduera ekonomikoaren datuetan islatzen hasi ondoren", aurre egin beharreko "berreraikuntzaren zeregin kolosalari" buruz ohartarazi du Sanchezek.
Horretarako, batasuna eskatu du, eta PSOEk batasun hori lortzeko lan egingo duela esan du, "susperraldiaren aurrekontuak onartzeko laguntza emateko prest dauden indar politiko guztiekin". Testuinguru horretan, Espainiako Gobernuak irailean aurkeztu nahi du aurrekontuen proiektua.