Politika -
KORONABIRUSA
"Ardura" eskatu du Urkulluk, "atzera egiteko arriskua" dagoelako
Lehendakariak esan duenez, Jaurlaritzak ez du baztertzen pandemiaren zabaltzea eteteko "neurri gehiago" hartzea, "beharrezkoa bada".
agentziak | erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakariak "ardura" eta "erantzunkidetasuna" eskatu dizkie herritarrei, covid-19aren pandemiari aurre egiteko. Ohartarazi duenez, atzera egiteko eta orain bi-hiru hilabete bizitakora itzultzeko arriskua dago.
Facebook sare-sozialean, gaztelania hutsean, argitaratu duen artikulu batean egin ditu adierazpenok Urkulluk. Pandemiak EAEn orain arte utzitako datuen inguruko gogoeta egin du idatzian, eta kezka agertu du azken egunotan positibo kasuek izandako gorakada dela eta.
Zentzu horretan, “Osasun sailburuak etengabe zabaldutako mezu larrien eta egunero egoera larriaren inguruko informazio guztia eman ondoren, zer gertatzen ari zaigu, martxoaren 13tik ekainaren 18ra gertatu zena, gertatu ez balitz bezala jokatzen jarraitzeko?”, galdetu du lehendakariak.
Ekainaren 18tik “iraganeko egoerara itzultzeko arriskuan gaude”, baina Euskadin materiala erosteko eta pandemiari erantzuteko gaitasunean pausoak eman direla azpimarratu du Urkulluk. Gainera, Osakidetzak “erakundeentzako erosketak egiteko gaitasuna du, materiala erosteko”, erantsi duenez.
Euskadiko udalerri zehatzetan “kirurgikoki” esku hartu behar izan dute “agerraldi ardaztuetan”; ondorioz, “pertsona asko koarentena egiten ari dira”, lehendakariak onartu duenez.
“Martxoaren 13ra arte bizi ginen bezala bizi ahal dugula uste dugu, hau da, pandemiaren arriskua 'gurekin ez doala', eta PCR proba egitearekin nahikoa dela”, deitoratu du agintariak. 1.000 biztanleko PCR proba kopururik handiena egiten duen erkidegoa da Euskadi, lehendakariak goraipatu duenez.
"Erabaki zailak"
Gaueko aisialdiarekin lotuta hartutako neurriak “erabaki zailak” izan direla onartu du Urkulluk. “Ostalaritza lokal askorentzat” suposatzen duena badaki, “baina errealitatea hori da, eta ez bakarrik Euskadin eta Espainiako Estatuan”, adierazi du.
“Nazioartean hartzen ari diren erabakien azterketan eta ezagutzan lanean ari gara… Hego Korean, Alemanian, Austrian, Frantzian, Danimarkan eta Belgikan”, zerrendatu ditu.
Hala ere, Espainiako Estatuan oraindik “orokortu” ez diren neurrien artean, besteak beste, mugikorrean alerta goiztiar baterako aplikazioa harreman kasuetan; lokalek bezeroen datuak biltzea gero errazago topatzeko; eta, bereziki, “etxeratzeko agindua gauean, goizera arte”, aipatu ditu lehendakariak.
Covid-19aren jarraipena egiteko batzordeak lanean jarraitzen duela nabarmendu du buruzagiak. “Beharrezkoa balitz ohitura indibidualetan eta kolektiboetan sakontzeko neurri berriak” hartzea aztertuko dute. “Higiene pertsonala, distantzia fisikoa, talde mugatuak, aforoak eta espazioen zonifikazioa, eta maskaren erabilera”, aipatu ditu.