Politika -

Jaurlaritza berria

Urkulluk gaur egingo du karguaren zina eta sailburuen izenak jakinaraziko ditu

Idoia Mendia lehendakariordea eta Enplegu sailburua izango da. Jokin Bildarratz Estefania Beltran de Herediaren ordez sartuko da Gobernuan. Eta Javier Hurtado Sozialista izango da Turismo sailburua.

Urkullu, atzo Legebiltzarrera heltzean. Argazkia: EFE
Iñigo Urkullu
Urkulluk bihar jakinaraziko ditu Jaurlaritzaren egitura eta sailburuen izenak

1:24

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakari izendatu berriak karguaren zina egingo du larunbat honetan, hirugarrenez. Gernikan egin ohi den ekitaldiak, baina, ez du aurreko biekin zerikusirik izango, COVID-19aren pandemia tarteko. Ondoren, Eusko Jaurlaritza osatuko duten kideen izen-abizenak jakinaraziko ditu lehendakariak, batzuk jada ezagunak badira ere.

Ekitaldia, eitb.eus-ek zuzenean eskainiko duena, 12:00etan abiatuko da Gernikako batzar etxean, segurtasun neurri zorrotzen artean. Izan ere, batzar etxeak edukiera mugatua izango du, eta gehienez 72 pertsona batu ahalko dira; tartean egongo dira legebiltzarkideak, Iñigo Urkulluren senitartekoak eta Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea.

Leiarpeko Aretoan, berriz, 63 pertsona bilduko dira, denak jesarrita. Handik jarraituko dute kazetariek ekitaldia. Talde parlamentarioek ezingo dute gonbidaturik eraman. Agintariei dagokienez, honakoak egongo dira: Fernando Grande-Marlaska Barne ministroa, Espainiako Gobernuaren izenean, eta Maria Chivite Nafarroako presidentea, Foru Gobernuaren ordezkari.

Kargua hartzeko ekitaldiaren ostean, EAJ eta PSE-EEren koalizio-gobernuak izango dituen bi lehendakariordetzak eta 11 sailak nortzuek gidatuko dituzten iragarriko du lehendakariak. Lehendakariordetza horietako bat EAJren esku geratuko da, eta bestea, PSE-EEren esku. Ziurtzat jotzen da Idoia Mendia lehendakariorde eta Enplegu eta Lan sailburu izango dela.

Baieztatuta dago Jokin Bildarratz senatari jeltzalea ere Jaurlaritzan sartuko dela. Hain justu, Estefania Beltran de Heredia orain arte Segurtasun sailburu izan denak hartuko du haren lekua goi ganberan, EAJk horretarako proposatu baitu. Hainbat iturriren arabera, zortzi urtez Tolosako alkate izandakoak Cristina Uriarte ordezkatuko du Hezkuntza Sailean, baina Lehendakaritzatik ez dute albistea baieztatu eta Urkulluren iragarpenaren zain egoteko eskatu dute.

Sonia Perez sozialistak ere ez du Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailean jarraituko, eta Javier Hurtado PSE-EEko Arabako diputatuak hartuko du haren tokia.

Iñaki Arriolak, berriz, Gobernuan jarraituko du. Ingurumen Saila utziko du, baina Etxebizitza Saileko buru izaten segituko du eta litekeena da Garraio departamentuko arduradun izendatzea ere.

Gainerakoan, Lehendakaritza iturrietatik aurreratutakoaren arabera, EAJk Gizarte Politikak, Justizia eta Ingurumena hartuko ditu bere gain.

Sailburuek irailaren 8an (asteartea) egingo dute karguaren zina, eta egun berean egingo dute hamabigarren legealdi honetako lehen gobernu bilera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza Gernika-Lumo Idoia Mendia Alderdi politikoak PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak