Politika -
Elkarrizketa ETBn
Camacho: 'Legea eskuzabala da baldintzak betetzen dituztenekin'
Barne ministroak begi onez jo ditu presoen azken mugimenduak, izan ere, "presoak dira orain ETAren zati garrantzitsuena, kide gehienak kartzelan daude eta".
Erredakzioa
Antonio Camacho Barne ministroak esan du Legea "eskuzabala" dela "baldintzak betetzen dituztenekin" eta begi onez jo ditu presoen azken mugimenduak, izan ere, "presoak dira orain ETAren zati garrantzitsuena, kide gehienak kartzelan daude eta".
Barne ministroak ETBren 'Egunon Euskadi' saioan egin dioten elkarrizketa batean azaldu duenez, kontuan izango dute Patxi Lopez lehendakariaren proposamena, "euskal herritarren ordezkaria" delako eta bakea lortzeko bidean "ikuspegi nagusia euskal gizartearena da".
Camachok azpimarratu du Legea "eskuzabala" dela "baldintzak betetzen dituztenekin" eta kartzela politika "norbanakoen egoeraren analisian" datzala eta "gizarteratzea" duela "helburu".
Horren harira, begi onez jo du presoek "gogoeta" egin izana eta kolektiboaren "zati bat ohartzea indarkeriak ez duela zentzurik eta kartzela onuren sisteman sartzea". Barne ministroak uste du presoak "beti" izan direla "ETAren eta bere inguruko mugimenduaren intereseko", beraz, "bakerantz bidea egiten duten heinean, presoak elementu garrantzitsua" izango omen dira. Gainera, "egun" ETAren "zati garrantzitsuena presoak" direla esan du, "kide gehienak kartzelan daude eta".
Hala ere, berriro ukatu du "amnistia orokorra" egongo dela, izan ere, "egungo ordenamendu juridikoak ez du amnistia orokorrik onartzen".