Politika -

KATALUNIA

Kataluniako gatazka konpontzeko amnistia eta elkarrizketa aldarrikatu ditu Torrak

Kataluniako presidente kargugabetuak Lledonerseko espetxean dauden preso independentistak bisitatu ditu. Gatazka politikoa konpontzeko amnistia eta autodeterminazio eskubidea ezinbestekotzat jo ditu.

Quim Torra eta Meritxell Budo. Argazkia: EFE
Quim Torra eta Meritxell Budo.
Amnistia legea eskatu dio Torrak Espainiako gobernuari

1:27

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Quim Torra Kataluniako presidente ohiak babes helegitea aurkeztu du Auzitegi Konstituzionalean, atzo Auzitegi Gorenak berretsi zuen urtebete eta erdiko inhabilitazioa berehala bertan behera uztea eskatuz.

Helegitean Gonzalo Boye Quim Torraren abokatuak kautelazko neurri gisa kondena bertan behera gelditzea galdegin du, kondena betearazteak Torrari eta beste pertsona batzuei eragingo lieken "kalte konponezina" argudiatuta.

Auzitegi Gorenak Quim Torra Kataluniako presidentea gaitasungabetu zuen atzo, Kataluniako Auzitegi Nagusiak desobedientziagatik ezarritako urtebete eta erdiko kartzela zigorra berretsita. Kataluniako auzitegiak 2019ko abenduan zigortu zuen Torra, hauteskunde garaian eraikin publikoetatik lazo horiak kentzeko Espainiako Hauteskunde Batzordeak emandako agindua ez betetzeagatik.

Bestalde, Quim Torrak Lledonerseko espetxean dauden preso independentistak bisitatu ditu goizean eta kartzelatik ateratzean amnistia lege bat onartzeko deia egin die Espainiako Gobernuari eta alderdi politikoei.

"Kataluniako gatazka politikoa amnistiaren eta autodeterminazio eskubidearen bidez konpontzeko dei egiten diot agintean 11 hilabete egin dituen historiako Gobernu progresistenari", adierazi du.  

Halaber, oinarrizko eskubideak arriskuan daudela pentsatzen duten alderdi politiko guztiei ere zuzendu zaie, amnistia legearen alde egin dezatela eskatuz. "Oinarrizko eskubideak errespetatzeari dagokionez, Espainia beti da salbuespena", kritikatu du.

Horrela, bada, Kataluniako gatazka politikoari irtenbidea emateko elkarrizketa mahaia behingoz osa dezala galdegin dio.

"Egiten dizkigutenak eginda ere, negoziazio mahai horretan egongo gara, betiere autodeterminazioaz eta amnistiaz hitz egiteko bada. Eta dena idatziz nahi dugu. Argazkiak egiteaz eta ustezko elkarrizketa irudikatzeko soilik balio duten bilerez nazkatu gara", ohartarazi du.  

Auzitegi Gorenean bere inhabilitazioaren aurkeztu duten errekurtsoari buruz galdetuta, Torrak onartu du ez duela itxaropen handirik, "Espainiako justizia independentismoaren aurka dagoelako".

Alabaina, "urrats hau ezinbestekoa da Europara heltzeko eta han seguru gaude irabaziko dugula", erantsi du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Auzitegi Gorena bideoak Gaurko titularrak Eguneko albisteak Kataluniako hauteskundeak Pere Aragonès bideoak Espainiako Auzitegi Konstituzionala Kataluniako Generalitatea Azken ordukoa Espainia Amnistia