Politika -
Faisan auzia
Suitzako dirua ETArena ala berea den galdetu dio Elosuari epaileak
Irungo (Gipuzkoa) Faisan tabernako jabea galdekatu du Pablo Ruz Auzitegi Nazionaleko epaileak, Suitzan 2007an blokeatutako hiru milioi euroak ETArenak diren argitzeko.
Erredakzioa
Joseba Elosua Irungo (Gipuzkoa) Faisan tabernako jabea galdekatu du gaur Pablo Ruz Auzitegi Nazionaleko epaileak, Suitzan 2007an blokeatutako hiru milioi euroak ETArenak diren argitzeko. Era berean, erakunde terroristako estortsio sareko ustezko laguntzaile batek diru hori zuritu ote zuen argitu nahi dute.
Iturri juridikoek baieztatu dutenez, Elosua emaztearekin eta semearekin batera Auzitegi Nazionalean izan da goizean. ETAren estortsio sarearen aurkako operazio baten "salakeria" jaso zuen Elosuak2006ko maiatzaren 4an.
Liechtensteingo Gobernuak 2007ko apirilean ofizialki hiru milioi euroko transferentzia baten berri eman zion Baltasar Garzon epaileari, baina dirua ordurako ez zegoen Printzerrian eta Suitzara eraman zuten. ETAko estortsio sarearen aurkako (86/98) sumarioaren parte da agerraldia.
Garzonek erreguzko gutunak bidali zizkien Frantziari (dirua transferitu zuten aurreneko lekura), Liechtensteineri eta Suitzari, diru horri buruzko informazio guztiaren berri izateko.
Elosuak Koipa Fundazioaren bidez Faisan tabernako jabeak ustez ETAren hiru milioi horiek zuritu zituen ala ez argitzeko helburua zuen gaurko agerraldiak. Hala ere, dirua Elosuarena izan daiteke.