Politika -

Alderdi Popularra

Iturgaizek PP "berritu" nahi du, boto-emaile askok alde egin dietela onartu ondoren

Iturgaizen esanetan, Voxen botoen "% 90 baino gehiago" PPtik dator. Gainera, lehen PPri babesa eman zioten herritar batzuek EAJri "boto baliagarria" eman diote, erantsi duenez.

Carlos Iturgaiz Euskadiko PPren presidente berria. Argazkia: EFE
Carlos Iturgaiz Euskadiko PPren presidente berria. Argazkia: EFE
Carlos Iturgaiz Euskadiko PPren presidente berria. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Carlos Iturgaiz Euskadiko PPren presidente berriak alderdiaren "eskaintza berritzeko" asmoa duela azpimarratu du ostiral honetan. Herritarrek proiektu "batu eta indartsu" batean "berriz konfiantza" izatea nahi du. Alderdi Popularrari babesa ematen zioten boto-emaile askok Voxera eta EAJra alde egin dutela onartu du Iturgaizek.

Iturgaizek prentsaurrekoa eman du Bilbon, atzo alderdiko zuzendaritza batzordeak EAEko PPren presidente izendatu ondoren. Horrela, 16 urte geroago, laugarren aldiz izango da presidente. Erkidegoko hiru lurraldeetako zuzendaritzak babestu dute, eta hiru abstentzio baino ez ditu jaso.

Laura Garrido Euskadiko PPren idazkari nagusi berriak Iturgaiz lagundu du agerraldian. Era berean, Mikel Lezama Donostiako zinegotzia alderdiko koordinatzailea eta bozeramailea izango dela nabarmendu du Iturgaizek.

Iturgaizen hitzetan, Euskadiko PP “konstituzionalismoaren gotorlekua” da EAEn. Hala ere, herritarrek proiektu “batu eta indartsu” batean “berriz konfiantza” izate aldera, alderdiaren “eskaintza berritzeko” asmoa agertu du, “euskal abertzaletasunaren haustura politikei eusteko dikea” izateko.

Boto galerari dagokionez, arrazoi bezala aipatu ditu abstentzioa, alderdi “barneko arazoak” eta boto-emaile askok Voxera eta EAJra alde egin izana.

"Duela 24 urte bezala" lekukoa "harro eta ilusioz gainezka" hartzen duela adierazi du Iturgaizek

Iturgaizen ahotan, iragan uztaileko hauteskundeetan Voxek bereganatu zituen ia 18.000 botoen “% 90 baino gehiago” PPtik etorri zen. Gainera, EH Bilduren aurrean lehen PPri babesa eman zioten herritar batzuek EAJri “boto baliagarria” eman diotela erantsi du.

Euskadiko PPn “gaur” dagoen “batasun handia” nabarmendu du Iturgaizek. “Alderdi Popularra aurrera egiteko bidean berriz jartzeko” batasuna “funtsezkoa” dela azpimarratu du.

Azken hilabeteetako “behin-behinekotasunetik normaltasunera” pasatzea garrantzitsua zela gaineratu du. Amaya Fernandezek behin-behineko presidentetza hartu zuen, Alfonso Alonsok dimisioa eman ondoren.

“Beste une batzuetako eragina berreskuratzea” eta udalerri zein eskualde gehiagotara heltzea nahi du presidente berriak.

Iturgaizen esanetan, Euskadiko PP konstituzionalismoaren “indar hegemonikoa” eta “gotorlekua” da EAEn. “Nazionalismoaren benetako alternatiba dira EAEn”, erantsi du.

“Duela 24 urte bezala” lekukoa “harro eta ilusioz gainezka” hartzen duela adierazi du Iturgaizek. Alderdiko presidente guztiak gogora ekarri ondoren, alderdi barneko babesa eta zuzendaritza nazionalaren zein Pablo Casado presidentearen konfiantza eskertu ditu.

“Sanchezen eta Iglesiasen Gobernua” ordezkatu eta Casado “Espainiako hurrengo presidentea” izateko, Euskadiko PPk “bere harri-koskorra jarri” nahi duela adierazi du Iturgaizek, izan ere, “Kataluniako sezesionisten, euskal abertzaleen eta Bilduko proetarren laguntzarekin, Konstituzioa, monarkia eta botere judizialaren estamentuak zartarazi nahi dituzte”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Alderdi politikoak Euskadiko PP Eguneko albisteak Albisteak Carlos Iturgaiz