Politika -

Eusko Legebiltzarra

EBrako proiektuak kontsultatu gabe aukeratzea egotzi dio oposizioak Jaurlaritzari

Elkarrizketa prozesu bat ziurtatze aldera, bulego estrategiko baten eraketa eskatu du EH Bilduk mozio baten bidez Legebiltzarrean, baina proposamenak ez du aurrera ateratzeko behar adina boto lortu.

Mikel Otero eta Iker Casanova legebiltzarkideak. Argazkia: EFE
Mikel Otero eta Iker Casanova legebiltzarkideak
Mikel Otero eta Iker Casanova legebiltzarkideak. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Oposizioak Jaurlaritzari aurpegiratu dio ez duela gainerako alderdiekin hitz egin Europatik iritsitako diru-funtsetara bideratutako proiektuak aukeratzerakoan, EAJk eta PSE-EEk administrazioekin eta eragile sozioekonomikoekin horretarako konpromisoa hartu zuten arren.

Sindikatuekin eta alderdi politikoekin elkarrizketa eta akordio prozesu bat ziurtatze aldera, besteak beste, bulego estrategiko baten eraketa eskatu du EH Bilduk mozio baten bidez Legebiltzarrean, baina proposamenak ez du aurrera ateratzeko behar adina boto lortu.

Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari 66 proiektu igorri zizkiola jakin ostean aurkeztu zuen mozioa EH Bilduk. Price Waterhouse Cooper aholkularitza pribatuaren esku utzi du Jaurlaritzak egitasmo horien zerrenda egitea. Proiektu horiek, baina, Pedro Sanchezen gobernuaren hautaketa prozesua gainditu beharko dute Europatik datozen laguntzak jaso ahal izateko.

Esan bezala, oposizioko alderdi guztiak haserre agertu dira inorekin kontsultatu gabe egin dutelako zerrenda, eta zuzenean enpresa jakin batzuei eragiten dien proiektuak aukeratu dituztelako. Horixe da, hain zuzen, EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PP+Cs koalizioak salatu dutena. Voxeko parlamentariak ez du eztabaidan parte hartu.

Horren aurrean, EAJk eta PSE-EEk adierazi dute proiektu horiek behin-behinekoak direla, alegia, lehen fasean daudela, eta hemendik aurrerako erabakiak gainerako alderdiekin kontsultatuko dituztela.

Gehiengo osoa duten bi alderdien ezezko botoek eragotzi dute, beraz, EH Bilduk aurkeztutako mozioa onartzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV PSOE PP Europar Batasuna Eusko Jaurlaritza Ekonomia EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak