Publizitatea
Itxi

2020/11/10

21:37

Politika

MEMORIAREN EGUNA

'Gazteek jakin behar dute ETAk hil egin zuela eta terrorismo ezberdinak egon zirela'

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Hala adierazi du Iñigo Urkullu lehendakariak indarkeria mota guztietako biktima guztiak oroitzeko Gogora Institutuan egindako ekitaldia nagusia. Goizean lore-eskaintza egin dute Legebiltzarrean.

19:49
Memoriaren Eguneko ekitaldia
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Memoriaren Eguna dela eta, erakundeek hainbat ekitaldi egin dituzte astearte honetan indarkeriaren biktima guztiak oroitzeko asmoz. Talde politiko guztiek hartu dute parte, PP-Ciudadanos koalizioak eta Voxek izan ezik.

Ekitaldi nagusia arratsaldean egin dute, Gogora Institutuaren egoitzan, Bilbon. Han izan dira Iñigo Urkullu lehendakaria, Eusko Jaurlaritzako sailburuak eta alderdi politikoetako ordezkariak, besteak beste.

Aurtengo edizioa gazteei zuzenduta egon da eta "Atzera begiratu aurrera jarraitzeko" lelopean egin dute. Hala, lehendakariak azpimarratu du gazteriak jakin behar duela "herri honetan ezberdin pentsatzeagatik hil egiten zela".  

"Gazteek eskubidea dute memoria kolektiboaren eraikuntzan parte hartzeko, eta eskertzekoa da iragana begirada eraberrituarekin begiratzen dutela, mendekurik gabe eta biktimak politizatu eta manipulatu gabe", adierazi du.

"Gazteek eskubidea dute jakiteko eta jakin behar dute herri honetan ezberdin pentsatzeagatik hil zutela, ETAk 850 pertsona baino gehiago hil zituela, jazarpena, mehatxuak eta estortsioak burutu zituela, eta beste terrorismo batzuk eta giza eskubideen urraketak izan zirela Estatuaren aldetik", nabarmendu du.  

Lehendakariak esan du Euskal Herriaren oraina eta geroa "iragana gogoratuz" soilik eraiki daitekeela eta bide horretan ezinbestekotzat jo du "memoria konpartitua" egitea.

"Euskadiren etorkizuna sendotzeko beharrezkoa da eragindako kalte injustua aitortzea eta giza eskubideen aldeko konpromiso etikoa erakustea", erantsi du.

BIDEOA | Legebiltzarrean egindako lore-eskaintza

Lore-eskaintza Legebiltzarrean

Memoriaren Eguneko ekitaldiak goizean goiz hasi dira. Legebiltzarrean, Gauerdiko Iparrorratzaren aurrean, lore-eskaintza egin dute eta bi minutuko isilunearekin amaitu da ekimena.

Pandemia dela eta, edukiera mugatuta egon da. Lehendakariaz gain, bertan izan dira Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea, Legebiltzarreko Mahaiko kideak, alderdi politikoetako bozeramaileak eta Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketarako sailburua.

Legebiltzarreko ateak irekita egon dira egun guztian, herritarrek ere lore-eskaintza parte hartzeko aukera izan zezaten.

Gasteizko Udaleko eta Arabako Batzar Nagusietako ordezkariak ere izan dira Parlamentuko ekitaldian.

Bilboko Udalak ere egin du biktimak guztiak oroitzeko ekitaldia. Bizkaiko hiriburuan hildako pertsona guztien izenak eta irudiak erakutsi dituzte Azkuna Zentroan, besteak beste, Santi Brouard HBko buruzagia eta Jose Maria Ryan Lemoizko zentraleko ingeniaria.

Donostian, Alderdi Ederreko lorategian egin dute ekitaldia Udalak eta Gipuzkoako Batzar Nagusiek.

Horrez gain, alderdi politikoek adierazpenak egin dituzte ohar bidez edo sare sozialetan mezuak idatziz.

Iñigo Iturrate EAJko legebiltzarkideak kezkagarritzat jo du ETAk jarduera armatuaren amaiera iragarri zuenetik bederatzi urte pasatu direnean "gazte askok" ez dakitela herri honetan zer gertatu den. "Inoiz ez da egon eta ez da egongo arrazoirik pertsonen kontrako atentaturik justifikatzeko", gaineratu du.

EH Bilduk esan du memoriak "inklusiboa" izan behar duela eta "biktima guztiak eta sufrimendu guztiak" bildu behar dituela.

"Konponbide integral, justu eta iraunkor bat eraiki nahi dugu; benetako bizikidetza demokratikoa. Hori ezinezkoa da kontakizun bakar eta baztertzailea inposatu nahi bada", azpimarratu du koalizio soberanistak.

Pilar Garrido Podemos Euskadiko koordinatzaileak esan du "indarkeria mota guztiak" kritikatzeko eta "indarkeria guztiek eragiten duten sufrimendu injustua" salatzeko lanketa soziala egin behar dela. Isabel Salud Ezker Anitzako ordezkariak, berriz, frankismoko krimenak argitzeko deia egin du.

Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusi eta bigarren lehendakariordeak "memoria iraunkor eta inklusibo" bat defendatu du, "indarkeriaren biktima guztien sufrimendu aintzat hartuko duena" eta eskatu du "inork ez dela hainbeste biktimen mina ahaztu, eta inork ez dezala beste inor hiltzeko edo jazartzeko aitzakiarik topatu".

"Badakigu, GAL, BVE, ATE eta beste talde terrorista batzuek min injustua eragin zutela; Poliziaren gehiegikeriak jasan zituztenen mina ere aintzat hartzen dugu. Biktima guztiek jakin behar dute ez dugula ahaztuko eta egia eta erreparazioa lortzeko lan egingo dugula", erantsi du.

PP, Ciudadanos eta Vox, nor bere aldetik

PP-Ciudadanos koalizioa eta Vox ez dira erakundeen antolatutako ekitaldietan izan eta nork bere omenaldia antolatu du.

Alderdi Popularrak uste du Memoriaren Eguna ETAren biktimak oroitzeko eguna izan behar dela, eta ez du onartzen ekimen berean indarkeria mota guztietako biktima omentzea. Carlos Iturgaizek esan du EH Bildu "ETAren morroia" dela eta koalizio soberanista "zuritzea" aurpegiratu dio Eusko Jaurlaritzari.  

Amaia Martinez Voxeko legebiltzarkideak ere gogor kritikatu ditu Jaurlaritza eta Legebiltzarra, indarkeria mota guztietako biktimak parekatzen dituela eta ETA "zuritzen" ari direla iritzita.

Alderdi Popularrak eta Ciudadanosek Bilbon egin dute bere ekitaldia, eta Voxek Gasteizen.

BIDEOA | Biktima guztien omenez Bilbon egindako ekitaldia

BIDEOA | Biktima guztien omenez Donostian egindako ekitaldia

BIDEOA | Alderdi Popularrak Bilbon egindako ekitaldia

BIDEOA | Voxek Gasteizen egindako ekitaldia

 

 

 

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;