Politika -

Legebiltzarra

Euskara ikasteko doakotasuna bermatzen duen legea baztertu dute EAJk eta PSE-EEk

Atzera egin eta bi alderdiek ezezkoa eman diote EH Bilduk aurkeztutako lege proposamen horri, gaurko Legebiltzarreko bozketan.

Eusko Legebiltzarraren ostegun honetako saioa. Argazkia: EiTB
Euskara ikasteko doakotasuna bermatzen duen legea baztertu dute EAJk eta PSE-EEk
Eusko Legebiltzarraren ostegun honetako saioa. Argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aurreko legegintzaldian hartutako erabakian atzera egin eta Eusko Legebiltzarrak ez du euskara ikasteko doakotasuna bermatzen duen EH Bilduren lege proposamena tramitera onartu. Herritar orok euskara jakiteko eskubidea izatea du helburu ekimen horrek, baina oraingo honetan EAJk eta PSE-EEk ez dute begi onez ikusi koalizio abertzalearen proposamena.

Ostegun honetako bozketaren ostean, beraz, baztertu egin dute lege proposamena, eta bukatutzat eman dute horri buruzko eztabaida.

Iaz ere, antzeko proposamena aurkeztu zuen EH Bilduk, eta alderdi guztien babesa jaso zuen, PPrena salbu. Lege proposamen horri buruzko eztabaida ere abiatu zuten orduan, baina hauteskundeak aurreratzeko eta Ganbera desegiteko erabakiak prozesua eten zuten.

Gaurkoan, ordea, EAJk eta PSE-EE ez diote orduko jarrerari eutsi, eta kontra bozkatu dute, PP+Cs koalizioak eta Voxek egin duten bezala. Aldiz, Elkarrekin Podemos-IUk aldeko botoa eman du.

Nazionalistek eta sozialistek beren erabakia arrazoitzeko esan dute EH Bilduren testuan aipatzen diren gaietako asko, tartean doakotasuna, dagoeneko jasota daudela Jaurlaritzaren programan.

"Urte hasieratik, euskara ikastea doakoa da B2 mailaraino. Hori bai, matrikularen zenbateko osoa bueltan jasotzeko, eskolen % 75era joan eta maila gainditu beharra dauka ikasleak. Hasiera batean, ikasleak berak ordaindu behar du matrikula, baina ikasturte amaieran dirua itzultzen diote", adierazi dute.

Gainera, legealdi honetan euskaltegiei zuzendutako funts publikoak indartuko dituztela eta pixkanaka C1 mailarainoko doakotasuna bultzatuko dutela aurreratu dute. Alabaina, 16 eta 30te bitarteko ikasleek soilik izango dute doan ikasteko aukera.

Saioan zehar, Jasone Agirrek (EH Bildu) EAJri eta PSE-EEri aurpegiratu die urratsak eman dituzten arren, egungo hezkuntza sistemak ez dituela ikasle guztien ikasketak bermatzen, eta helduek beren poltsikotik ordaindu behar dituztela.

Ildo beretik, Miren Gorrotxategik (Elkarrekin Podemos-IU) azaldu du gaur egun euskararen erabilera ez dagoela bermatuta, eta helduek diru asko xahutu behar dutela horretan.

Aitor Aldasorok (EAJ) eta Eneko Anduezak (PSE-EE), bestalde, Jaurlaritza bultzatzen ari den euskararen aldeko neurriak babestu dituzte, eta aurki abiatuko duten programa hartu dute hizpide.

Carmelo Barriok (PP+Cs) EH Bilduri egotzi dio "euskara politizatzen" dabilela, eta Amaia Martinezek (Vox) azpimarratu du koalizio abertzalearen asmoa ez dela euskararen erabilera bermatzea, herritarrak horretara "behartzea" baizik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskaraz Politika EAJ-PNV Eusko Legebiltzarra EH Bildu PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza