Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Pastor: 'ETAren munduak barkamena eskatzen bukatu behar du'
Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan, Jose Antonio Pastorrek esan du ETAren adierazpena "berri ona" dela, baina hurrengo pausoa euren desegitea eta barkamena eskatzea izan behar duela.
Erredakzioa
"Hemen biktimak eta borreroak izan dira", esan du Jose Antonio Pastor euskal sozialisten bozeramaileak Radio Euskadin eman duen elkarrizketan, urriaren 16an motoan zihoala istripua izan ostean eskainitako lehenengoan. Horrek Donostiako Bake Konfeferentzian egotea eragotzi zion eta ETAren adierazpenaren ostean agerraldi politikoetan ez egotea.
"ETAren munduak barkamena eskatzen bukatu" behar duela adierazi duen Jose Antonio Pastorrek elkarrizketan besteak beste, ondorengo gaiak jorratu ditu: ETAren adierazpenaren ostean izan diren gertakizunak, Patxi Lopez lehendakariak hainbat alderdirekin egin dituen bilerak eta biktimen taldeekin datorren astean izango duena. ETAk jarduera armatua behin betiko utzi duela iragarri eta ia bi astera, Pastorrek esan duenez, "gauzak duela aste batzuk zeudena baino askoz ere hobeto daude". "Oso berri ona" izan da, nabarmendu du.
Jose Antonio Pastorrek azaldu duenez, "hemen ez da gatazka armaturik izan, terrorista talde bat baizik". "Hurrengo pausoa behin betiko desegitea da eta egindako hilketengatik barkamena eskatzea", gaineratu du.
Egungo egoera politikoari dagokionez, euskal sozialisten bozeramaileak adierazi du "lasai, inteligentziarekin eta sen onarekin kudeatu" behar dela. Ez da presa gehiegi izan behar, hori baita alderdi politiko batzuek egin nahi dutena", azpimarratu du.
"Guztion artean, Bildu barne, Euskadin egoera politiko berri bat marraztu behar dugu. Adostasun maila handienarekin egin behar dugu hori, eta horretarako alderdikeriak utzi behar dira. Hau da, ezin da lehenengo minututik autoderminazioaren eskubideari buruz hitz egin", azaldu du Jose Antonio Pastorrek.
ETAren biktimen inguruan Pastorrek esan du "memoria duen bakeak egon behar duela, ez mendeku asmoarekin, pasatutakoa mantentzeko helburuarekin baizik". "Biktimek euren papera izan behar dute euren sufrimendua eta memoria aintzat hartzeko", gaineratu du.
"ETAren munduak barkamena eskatzen bukatu behar du", azaldu du Jose Antonio Pastorrek. ETAko kide batek Hipercorreko atentatuaren biktima bati bidalitako karta jarri du adibididetzat, eta "hortik hasi behar" dela nabarmandu du.