Politika -
EAJ
Ortuzar aukeratu dute hirugarren aldiz EAJko presidente
Andoni Ortuzarrek beste lau urtez zuzenduko EAJ. Euzkadi Buru Batzarrean hiru aurpegi berri soilik egongi dira: Nerea Melgosa, Xabier Barandiaran eta Peio Etxeleku.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Andoni Ortuzar aukeratu dute hirugarren aldiz eta aho batez EAJko Euzkadi Buru Batzarreko presidente. Zuzendaritzan ez da aldaketa nabarmenik izan eta hiru aurpegi berri soilik egongo dira: Nerea Melgosa, Xabier Barandiaran eta Peio Etxeleku.
EAJren biltzarrak bi bloketan banatzen da: alde batetik, datozen lau urteetarako buruzagiak aukeratzen dituzte, eta bestetik, dokumentu politikoa eta barne-antolakuntza eztabaidatu eta adosten dituzte.
Zuzendaritza 100 pertsonaz osatutako Batzar Nazionalak aukeratzen du, nahiz eta alderdiaren dokumentu politikoa eta estatuak onartzen dituen Batzar Nagusian 600 militante baino gehiagok parte hartzen duten.
Batzar Nagusia joan den uztailean egin behar zuten, baina covid-19aren pandemiaren ondorioz atzeratu egin zuten, eta azkenean biltzarra bi zatitan egitea erabaki dute: orain aukeratu dituzte zuzendaritza nagusiko kideak eta osasun-egoerak hobera egiten duenean egingo dute Batzar Nagusia.
Gauzak horrela, gaur EAJko presidentea eta EBBko zortzi kideak aukeratu dituzte. Zuzendaritzan Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa eta Iparraldeko presidenteak ere izango dira.
Horrela, bada, ez da aldaketa handirik egon; izan ere, EBB osatzen duten 14 ordezkarietatik 11k karguan jarraituko dute: Andoni Ortuzar, Itxaso Atutxa, Jose Antonio Suso, Joseba Egibar, Unai Hualde, Joseba Aurrekoetxea, Koldo Mediavilla eta Mireia Zarate.
Maria Eugenia Arrizabalaga, Mikel Burzako eta Ana Esther Furundarenak ere zuzendaritzan segituko dute.
Nobedadeak hiru dira: Peio Etxeleku Ipar Buru Batzarreko presidentea, Xabier Barandiaran gipuzkoarra eta Nerea Melgosa arabarra. Pako Arizmendik, Iñaki Txuekak eta Kepa Aldamak utzitako tokiak beteko dituzte, hurrenez hurren.