Politika -

Elkarrizketa, Radio Euskadin

Eba Blanco: "EH Bildun argi dugu indarkeria bidegabea dela, edonondik etorrita ere"

EAko idazkari nagusiak zinikotzat jo du PSOEren jarrera, "ez dutelako aitortzen Estatuaren indarkerian izan zuten erantzukizuna, ezta torturatzaileak babestu izana ere".

EAko idazkari nagusi eta EH Bilduko legebiltzarkide Eba Blanco. Argazkia: Radio Euskadi
Eusko Alkartasunako idazkari nagusi eta EH Bilduko legebiltzarkide Eba Blanco
EAko idazkari nagusi eta EH Bilduko legebiltzarkide Eba Blanco. Argazkia: Radio Euskadi

L.Z. | EiTB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hautsak harrotu ditu EH Bilduk Legebiltzarrean duen bozeramaile Maddalen Iriartek ETAren indarkeriari buruz emandako lerroburuak, eta Eusko Alkartasunako idazkari nagusi eta koalizio abertzaleko legebiltzarkide Eba Blancok horri buruz hitz egin du astearte honetan Radio Euskadin. Blancoren esanetan, "testuingurutik atera dituzte Iriarteren adierazpenak, bi helbururekin: EH Bildu ahultzea eta beste kontu batzuei buruz ez jardutea, adibidez, pandemiaren kudeaketaz".

Zentzu horretan, Eba Blancok adierazi du EH Bilduko ordezkari guztientzat indarkeria beti dela bidegabea, alde batetik zein bestetik etorri: "Horretan ados gaude guztiok", esan du. "ETA desagertu zen eta gogoeta egin zuen, ezker abertzaleak autokritika egin du, baina beste batzuek ez dute bide hori hartu. Hain zuzen ere, PSOEren jarrera zinikoaz mintzatu da, "ez dutelako aitortu Estatuko indarkeriarekin zerikusia izan zutela eta torturatzaileak babestu zituztela".

"EH Bildu da biktima guztiak aintzat hartzen eta omentzen dituen alderdi politiko bakarra. PP eta PSOE elkarrizketatzen dituzten bakoitzean ez diete Estatuak erabilitako indarkeriari buruz galdetzen. Gatazka horretatik atera eta bakearen eraikuntzan jarri beharko genuke arreta", nabarmendu du Blancok.

Donostian Ertzaintzaren eta zenbait gazteren artean izandako liskarrak ere izan ditu hizpide: "Inor ez dago Ertzaintzaren aurka, baina jokabide batzuk ez dira zuzneak, eta salatu egin behar ditugu. Donostiakoa neurrigabea izan zen. Larria da Ertzaintzaren sindikatu batek Arnaldo Otegi eta Maddalen Iriarte istiluen errudun egitea. Larria da kritikarik entzun nahi ez izatea, demokrazian kontrola erabili behar dela argudiatuta. Larria da Otegi eta Iriarte begiz jo dituen hori Aian EAJko ordezkari izan zela", azpimarratu du.

Basurtuko eta Santa Marinako ospitaletan txertoekin gertatutakoaren inguruan, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak "azalpen gutxi" eman dituela kritikatu du Blancok: "Argi utzi beharko du gertatzen ari zenaren jakitun zen ala ez".

"EAk paper garrantzitsua betetzen du EH Bildun", ziurtatu du Blancon, baina ez du Eusko Alkartasunaren ezohiko kongresuari buruz gehiagorik esan: "Egoerak esango du zer egin behar dugun. Bozka ematea segurua izan behar da, dela osasun aldetik, dela alde juridikotik". Blancoren ustez, zaila da alderdiaren hausturari irtenbidea ematea: "Zenbaitzuk hitz egiteko eta gauzak konpontzeko asmoa badugu ere, beste batzuek nahiago izan dute alderdia utzi eta epaitegietan etxean irabazten ez dutena irabazi".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Osakidetza Ertzaintza ETA Alderdi politikoak EH Bildu EA Eguneko albisteak Albisteak Txertoak