Politika -
biktimak
Osatu dute EAEko poliziek egindako eskubide urraketak aztertuko dituen batzordea
Ertzaintzak eta udaltzaingoak ustez egin dituzten eskubide urraketak aztertzeaz gain, jokabide egokiak aholkatuko dituzte.
agentziak | eitb media
Ertzaintzak edo udaltzaingoak ustez egin dituzten eskubide urraketak aztertzeaz arduratuko den batzordea osatu dute gaur. Ofizioz edo aldeetako batek eskatuta lan egingo du batzordeak.
Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasun sailburua lantaldearen lehen bilerara joan da gaur, sei kideak agurtu eta eskerrak ematera. Poliziaren operazio batean edo poliziaren zaintzapean heriotza bat edo zauri larriak izan diren kasuak aztertuko dituzte.
Gainera, praktika egokiak aholkatzeaz, kode deontologikoarekin bat ez datozen jokabideak edo errepikatzen diren praktikak atzemateaz arduratuko da batzordea.
Helburu nagusia polizia-jardueraren zilegitasuna eta konfiantza indartzea da, Eusko Jaurlaritzaren arabera.
Batzordeak presidente bat eta bost kide gehiago izango ditu, segurtasun publikoan, zuzenbidean, soziologian, medikuntzan, psikologian eta etikan errekonozimendua lortu dutenak.
Heren bat EAEko polizietan gutxienez 15 urteko esperientzia duten pertsonek osatuko dute, eta beste heren bat aipatu arloetan ospe akademikoa duten pertsonek.
Eusko Jaurlaritzak kide hauek izendatu ditu: Javier Hernaez, Legelarien Euskal Kontseiluak proposatuta; Estefania Ocariz psikologo eta kriminologoa (Gasteizko Udala); Jose Antonio Nieto ertzaina Miren Ortubay kriminologoa; Joaquin Gimenez Auzitegi Goreneko magistratu ohia; eta Ricardo Egiguren udaltzaina, Segurtasun Sailak proposatuta.