Publizitatea
Itxi

2021/01/28

10:52

Politika

TXERTAKETA IRREGULARRAK

EAJk Sagardui babestu du eta 'sorgin-ehiza' ez abiatzeko eskatu dio oposizioari

A. S. | EITB Media

Ortuzarren esanetan, EAJren zuzendaritzak ezin du bere kabuz jardun Basurtuko eta Santa Mariako zuzendari ohien aurka, baina ez dute kargu gehiagorik izango.

  • Andoni Ortuzar.

    Andoni Ortuzar. EFEren atxiboko irudia.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak bere alderdiaren babes osoa adierazi dio Gotzone Sagardui Osasun sailburuari. Txertakera prozesuan EAEn izan diren irregulartasunen aurrean sailburuak "gardentasun osoz" jokatu duela azpimarratu du, eta oposizioari "sorgin ehiza batean" ez sartzeko eskatu dio.

Eduardo Maiz eta Jose Luis Sabas Basurtuko eta Santa Marinako ospitaleetako zuzendari gerenteen dimisioekin nahikoa dela esan ostean (biak EAJko militanteak ziren, eta protokoloari muzin eginez txertoa jarri zuten), salaketarik izan ezean jeltzaleen zuzendaritzak ezin duela euren aurka ofizioz jardun esan du EBBko presidenteak. Dena dela, kargu publiko gehiago ez dituztela izango ziurtatu du.

Onda Vascan egindako elkarrizketa batean, Ortuzarrek esan du Sagarduik atzo Legebiltzarrean emandako azalpenak, "onak" izan zirela, eta, gainera, "gordinak", izan ere, dena zehatz mehatz kontatu zuen. "Seguruenik, kontatu zituen gauza asko ez kontatzea gustatuko litzaioke, baina ez du beste biderik izan, eta % 100a kontatu du", gaineratu du.

Buruzagi jeltzaleak ez dio "txertaketa irregularren egoerari gordintasun izpirik" kendu nahi izan, "akats larria" izan delako, "jokabide desegokiak eta onartezinak izan direlako. Jokaera horiek bateraezinak dira kargu publikoekin", esan du.

"Hori argi dago, eta uste dut Lehendakariak oso ondo adierazi zuela lehengoan; hau da, gertatutakoaren aurrean pena eta amorrua sentitu zituela. Ez diogu larritasunik kentzen egoerari, eta azkar eta eredugarri jokatu dela uste dut. Hortik aurrera, etorkinera begiratu behar dugu. Oposizioak ezin du gai honekin geldirik egon", gaineratu du.

"Eta horretan utzi behar da. Ezin dugu sorgin ehiza abiatu. Uste dut politika ez dela pandemiaren aurrean maila ematen ari, eta onartzen dut, gainera, oro har, ez dugula eman dagokigun maila, baina ezin duguna egin da, hatzaren eta ilargiaren metaforan bezala, hatzari begira egon. Ilargiari begiratu behar diogu. Arazo handi bat dugu esku artean, eta ezin dugu ika-mikan aritu", esan du.

Txertoa hartu duten sindikalistak ere izan ditu ahotan Ortuzarrek. Bere esanetan, "erraza" izango luke orain Santa Marinako ospitalean txertoa hartu zuten sindikalistekin "sartzea", baina ez du egingo. "Erakunde bakoitzak jakin beharko du zer egin behar duen", adierazi du.

Elkarrekin Podemos-IUk Sagarduiren dimisioa eskatu du

Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko bozeramaileak "albo batera egiteko" eta dimititzeko eskatu dio Gotzone Sagardui Osasun sailburuari. "Erantzukizuna bere gain hartzeko eta albo batera egiteko garaia da", azpimarratu du.

"Printzipioz" Sagarduik berak hartu beharreko erabakia dela esan du, baina, osterantzean, Iñigo Urkullu lehendakariak berak kargugabetu beharko lukeela gaineratu du.

Salatu duenez, Osasun sailburuak ez du karguan jarraitzeko beharrezkoa den "indarrik" eta "sinesgarritasunik".

Eusko Legebiltzarraren atarian kazetariei egindako adierazpenetan azaldu duenez, Sagarduik asteazken honetan emandako azalpenek ez dute auzia argitzeko balio izan. Are gehiago, Osasun sailburuaren eta Jose Luis Sabasen bertsioak kontrajarriak direla nabarmendu du.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena