Politika -
Hauteskunde orokorren ostean
Jaurlaritzak baztertu egin du hauteskundeak aurreratzea
Halaber, Idoia Mendia bozeramaileak nabarmendu du Patxi Lopez ez dela PSOEko burua izaten saiatuko, "Euskadi baino ez baitu buruan".
Erredakzioa
Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak iragarri du Patxi Lopez lehendakariak legegintzaldia agortu egingo duela, eta beraz, ez dituela aurreratuko hauteskunde autonomikoak eta ez dela PSOEko burua izaten saiatuko.
Astearteroko prentsaurrekoan, Mendiak aitortu du hauteskunde orokorren emaitzak txarrak izan direla sozialistentzat, baina hauteskunde orokorrak ez direla autonomikoak eta Jaurlaritzak "babes berdinak" izaten jarraitzen duela gogorarazi du.
EAJk eta Amaiurrek hauteskundeak aurreratzea eskatu dutela eta, Mendiak gai horrekin "tematuta" egotea egotzi die, eta "orain Euskadiren alde lan egiten" jarraitu beharra dagoela esan du.
Bere esanetan, lehendakariak eutsi egiten die hartutako konpromisoei, hots, "terrorismoaren amaiera", "bizikidetza" eta krisiaren eta langabeziaren aurkako borroka.
"Ekarpenak PSOEn"
Mendiak esan du lehendakariak "Euskadi gidatzen jarraitzea" baino ez duela buruan.
Nolanahi ere, PSOEk otsailean egingo duen Batzordeari dagokionez, Lopezek "ekarpenak" egingo dituela azaldu du.
PP-Amaiur
Bestalde, Jaurlaritzak Amaiurrekin ere hitz egiteko dei egin dio Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko hurrengo presidenteari.
Izan ere, PPk iragarri du koalizio abertzalea inbestidura baino lehenagoko bilera-sortatik at utziko duela.
"Ordezkari instituzional gisa, erantzukizun instituzionala bete behar dugu denok, harreman instituzional formalak izan behar ditugu ordezkari guztiekin; azken finean, herritarren ordezkari dira", ohartarazi du.