Politika -
Gipuzkoa
Fiskaltzak ez ditu delitutzat jo Montairen Hondarribiko "kontratazio irregularrak"
Abotsanitzek egindako kontsulta baten harira eman du ebazpena Fiskaltzak. Horren arabera, Udalak ez ditu kontratazio arauak bete. Dena dela, ez du delitu zantzurik atzeman.
EiTB MEDIA | AGENTZIAK
EAEko Fiskaltza Nagusiak baieztatu du Hondarribiko Udalak "irregulartasun sistematikoak" egin dituela Montai taldeko enpresen kontratazioetan, baina ez du delitu zantzurik atzeman.
Abotsanitzek, oposizioko talde nagusiak, egindako kontsulta baten harira eman du ebazpena Fiskaltzak. Horren arabera, "Udalak ez ditu kontratazio arauak bete". Dena dela, kontratatu horiek ez salatzea erabaki du, delitu zantzurik ez dagoela iritzita.
Abotsanitzek gogoarazi du 2020ko urtarrilean Fiskaltzaren aurrean agertu zela Udalak legea betetzeari uko egin ziolako. "Arduraz jokatu nahi izan genuen, ordezkari politiko gisa justiziari irregulartasunen berri eman beharrean garelako. Egin izan ez bagenu, praktika horien konplize izango ginateke", nabarmendu du.
Modu horretan, azpimarratu du Fiskaltzak arrazoia eman diola, eta urteetan zehar salatu dituen irregulartasunak egon badaudela.
Hondarribiko udal gobernuak kontratazioen legea urratu duela salatu ostean, Abotsanitzek berretsi du enpresa nahiz kasu ezberdinetan irregulartasunak atzeman dituela Fiskaltzak, nahiz eta ustelkeriarik egon ez dela ebatzi duen.
Abotsanitzek uste du albiste ona dela Fiskaltzak delitu zantzurik atzeman ez izana, "alde handia baitago irregulartasun sistematikoetatik ustelkeriara". Halere, "ustelkeria gisa definitzeko nahikoa arrazoi ez egoteak ez du esan nahi gauzak gaizki egin ez dituztenik", erantsi du.