Politika -
40. urteurrena
Felipe VI.ak bere aitak estatu kolpea geratzeko izan zuen "irmotasuna" goraipatu du
EAJ eta EH Bildu, besteak beste, ez dira erregeak parte hartu duen urteurren ekitaldian izan. ERCren proposamen baten harira, erregearen bortxaezintasuna baliogabetzearen aurka agertu da gehiengoa.
EiTB MEDIA
Felipe VI.ak bere aitak, Juan Carlos I.ak, otsailaren 23ko estatu kolpearen porrotean izan zuen "jarrera erabakigarria" defendatu du, "demokraziaren defentsa eta garaipena lortzeko bere irmotasuna ezinbestekoak" izan zirelakoan.
Espainiako erregea izan da otsailaren 23ko estatu kolpearen 40. urteurreneko ekitaldiaren buru Kongresuan, eta bertan izan dira Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea eta Estatuko botere nagusietako eta alderdi politikoetako ordezkariak. EAJk eta EH Bilduk, berriz, ekitaldian ez parte hartzea erabaki dute, beste alderdi independentista batzuek bezalaxe.
EH Bilduk azaldu duenez, indar subiranistak ez dira erregeak parte hartzen duen ekitaldietara joaten, ezta Konstituzioaren aldeko konpromisoetara ere.
EAJk ere uko egin ohi die Konstituzioaren urteurren ekitaldiei, nahiz eta Zarzuelan estatuburuak egin ohi dituen bilera-sortetan parte hartzeko ohitura duen.
Lehenengo aldiz hitz egin du Felipe VI.ak bere aitaren inguruan Juan Carlos I.ak ihes egin zuenetik, eta estatu kolpearen 40. urteurrena baliatu du "Konstituzioarekin zuen ardura eta konpromisoa" azpimarratzeko, Antonio Tejeroren ahaleginaren aurka telebistaz zabaldu zuen mezuari erreferentzia eginez.
Pablo Iglesias Espainiako Gobernuko bigarren presidenteordeak eta Unidas Podemosen gainerako ordezkariek ez dute hitzaldia txalotu.
Gainera, Iglesiasen arabera, bere alderdia sekretu ofizialen legea aldatzen saiatuko da herritarrek "benetan gertatu zena" jakin dezaten.
Felipe VI.ak Adolfo Suarez Gobernuko presidente ohia ere aipatu du, eta "esker ona eta miresmena" agertu dizkio.
Erregearen bortxaezintasuna
Kongresua errege familiaren bortxaezintasunari eustearen alde agertu da, eta PSOE, PP, Vox eta Ciudadanos edozein ikerketa saihestearen alde agertu dira, ostegunean bozkatuko den ERCren legez besteko proposamena baztertuta.
Berriro ere, Gobernuko kideen arteko desadostasunak irudikatuko dituzte ostegunean Behe Ganberan, oraingoan ERCren ekimen baten inguruan, monarkiaren kideei bortxaezintasuna eta "babes judizial bereziko" beste figura batzuk kentzea eskatzen duen proposamen horren alde baitago Unidas Podemos; ez, ordea, PSOE.
40 urte
40 urte bete dira 1981eko otsailaren 23an Espainiako hainbat militarren estatu kolpea emateko saiakerak huts egin zuenetik. Madrilen eta Valentzian jazo ziren orduko gertakari nagusiak.
Madrilen, guardia zibil talde bat, Antonio Tejero koronela buru, indarrez sartu zen Gorteen Jauregian, Leopoldo Calvo-Sotelo presidenterako hautagaiaren inbestidura saioan. Diputatu guztiak eta Espainiako Gobernuko ordezkariak bahitu egin zituzten Kongresu barruan.
Valentzia, berriz, militarrek hartu zuten, Jaime Milans del Bosch tenienteak deitutako salbuespen egoeraz baliatuta.
01:00a aldera, Juan Carlos I. Espainiako erregeak agerraldia egin zuen telebista bidez, kolpisten aurkako eta Konstituzioaren aldeko mezua zabalduz. Kongresuaren bahiketa otsailaren 24an bukatu zen, eguerdian.
Auzitegi Gorenak 30 urteko espetxe zigorra ezarri zien Milansi, Tejerori eta Alfonso Armadari, estatu kolpearen erantzule izatea egotzita. Zigorrak, baina, arindu egin zituzten geroago. Urtebete eta zazpi urte bitarteko kartzela zigorra jaso zuten azkenean Milansek eta Armadak; Tejeroren zigorra, aldiz, 15 urtekoa izan zen. Guztira, Indar Armatuetako hamabi kide, hamazazpi guardia zibil eta zibil bat zigortu zituzten. 1990a baino lehen utzi zituzten guztiak aske, Tejero izan ezik.
Otsailaren 23aren biharamuna
48 ordu geroago, Leopoldo Calvo-Soteloren inbestidura saioari berrekin zioten. Otsailaren 23ko gertakariak desitxuratu eta Manuel Fraga Iribarnek zuzendutako talde parlamentarioak ezustekoa eman zuen Kongresuan, abstentziotik baiezkora aldatu baitzuen botoa.
Esan bezala, estatu kolpe saiakerak eten egin zuen Calvo-Soteloren bigarren inbestidura saioa. Izan ere, otsailaren 22ko bozketa ere antzua izan zen, ez zuelako gehiengo osorik lortu. Orduan, Manuel Fragaren Koalizio Demokratikoa abstenitu egin zen.
Sabaian eta hormetan 40 bala tiro ikusgai zirela, otsailaren 25eko inbestidura saioan parte hartu zuten 344 diputatuek bat egin zuten demokraziaren, Konstituzioaren eta Juan Carlos I.aren izenean.
Diskurtsoek bide berri bat hartu zuten orduan, baina sorpresarik handiena Manuel Fragak eman zuen, Gobernua babestu zuelako.
Bi egun lehenago, Francorekin Informazio eta Turismo ministroa izan zenak, gogor kritikatu zuen Calvo-Sotelo.
Horrela, eztabaidaren ondotik, Calvo-Sotelo presidente izendatu zuten, aldeko 186 boto eta kontrako 158 jasota.