Politika -

Memoria historikoa

Gerra Zibileko 110 biktimaren gorpuzkiak berreskuratu ditu hobietatik Euskadik

128 toki aztertu dituzte horretarako, eta 46tan emaitza positiboa izan da. Bizkaian 24 hobi aurkitu dituzte, Gipuzkoan 15 eta Araban 7.

Desagertutako pertsonen senitartekoak. Argazkia: EFE
Desagertutako pertsonen senitartekoak
Desagertutako pertsonen senitartekoak. Argazkia: EFE

EiTB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gerra Zibilean desagertutako pertsonak aurkitzeko Eusko Jaurlaritzak, Aranzadi elkartearekin elkarlanean, garatutako bilaketa programak 110 biktimaren gorpuzkiak berreskuratu ditu. Horietatik 27 identifikatuta daude dagoeneko, eta kasu horietan senitartekoei eman dizkiete gorpuzkiak.

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak laburpen gisa emandako datuak "Gerra Zibilaren Desobiratzeak Euskadin" txostenean jaso dituzte.

Ildo horretan, hobiak aurkitzeko eta horietan topatu dituzten gorpuzkiak identifikatzeko Aranzadik egindako lana goratu du Artolazabalek.

Horretarako, 128 toki aztertu dituzte Euskadin, eta 46tan emaitza positiboa izan da. Bizkaian 24 hobi aurkitu dituzte, Gipuzkoan 15 eta Araban 7.

Esan bezala, 110 biktimaren gorpuzkiak berreskuratu dituzte (108 gizon eta bi emakume).

Gainera, EAEtik kanpo ere 9 euskal biktimaren gorpuzkiak aurkitu dituzte: 4 Nafarroan eta 5 beste leku batzuetan.

Soldaduak ziren desobiratutako biktima gehienak (guztira 70), baina hilketa estrajudizialetan zendutako 26 biktimaren gorpuzkiak eta gatibualdian hildako 14 pertsonarenak ere baziren tartean.

Oraindik identifikatu ez dituzten pertsonak Elgoibarren (Gipuzkoa) eraikitako Duintasunaren Kolunbarioan edo hobiak aurkitu dituzten udalerrietako hilerrietan daude lurperaturik, argitu du sailburuak. Halaber, iragarri du Urduñan beste Kolunbario bat eraikiko dutela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Frankismoa Aranzadi Elkartea Gogora