Politika -
MEMORIA HISTORIKOA
Frankismoko biktima guztiak aitortutakoan amaituko da trantsizioa, Urkulluren ustez
1981eko estatu kolpearen saiakeraren urteurrenarekin bat eginez, "egia osoa" jakitea eskatu du, "gardentasunez, sekreturik eta erreserbarik gabe".
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Espainiako Gerra Zibileko eta frankismoko biktima guztien memoria eta duintasuna aitortzen direnean amaituko da "egiazko trantsizioa", azpimarratu du ostiral honetan Iñigo Urkullu lehendakariak. 1981eko estatu kolpearen saiakeraren 40. urteurrena aste honetan bete den honetan, "egia guztia gardentasunez, sekreturik gabe eta erreserbarik gabe" jakitea eskatu du, "horrelakorik sekula berriro gerta ez dadin".
"2015-2020 aldirako EAEko Plana, hobien kokapena ikertzekoa, Gerra Zibilean desagertutako pertsonak bilatu eta identifikatzeko" planaren emaitza nagusiak aurkezteko ekitaldian parte hartu du, gaur eguerdian, lehendakariak Gogora institutuak Bilbon duen egoitzan.
Bere hitzaldiaren hasieran ekitaldiaren helburuak aipatu ditu: "biktimekiko zor morala eta familiek senideen gorpuzkiak berreskuratzeko eta haien memoria ohoratzeko duten eskubidea". "Gure konpromisoa memoriadun etorkizuna eraikitzea da, oinarri solido, printzipio etiko eta uste sendoetan finkatzen dena", gehitu du.
Era berean, bi printzipio etiko azpimarratu ditu: batetik, pertsona bakoitzaren duintasuna; bestetik, guztiek memoriarako duten eskubidea.
Iñigo Urkulluk azaldu duenez, Euskal Autonomia Erkidegoan hobitik atera dituzten 110 biktimaren eskubideak eta memoria berreskuratzen ari dira. Horietatik 27 identifikatu dituzte. Euren familien eskubidea ere aldarrikatu du, besteak beste, senideen gorpuzkiak non zeuden jakitea. "Gure konpromisoa eta betebeharra gerrako biktimei eskubide hori berrezartzea da", gaineratu du.
"Ez dugu nahi, ezin dugu, ez dugu ahaztu behar. Ez dugu nahi, ezin dugu, ezin dugu orrialdea pasatu. Oroimena bai, baina ez gorrotorako, mendekurako edo konfrontaziorako. Memoria bai, egia, aitortza eta duintasunerako. Memoria bai, baina elkarbizitzarako", esan du.
20.000 bisita astebetean
Urkulluk nabarmendu duenez, Gerra Zibilak EAEn eragindako biktimen webguneak 20.000 bisita baino gehiago jaso ditu, astebetean. "Ez dugu ahaztu nahi, ez dugu ahaztuko, gure etorkizuna biktimen eta biktima guztien memoriaren eta duintasunaren gainean eraikiko dugu", azpimarratu du.
Memoriak "duela hamar urte eta aurreko hamarkada guztietan gertatutakoaren ezagutzan eta aitortzan" oinarrituta egon behar duela iritzi dio.