Politika -

presoak

Euskal presoei espetxe-graduan aurrera egiteko aukera ematea eskatu du Sarek

Izan ere, ohartarazi duenez, % 32 lehen graduan daude oraindik. Horrez gain, 118 bigarren graduan daude (% 62,5) eta bakarrik 10 (% 5,5), askatasun maila handiena ematen duen hirugarrenean.

Sareko bozeramaileak, prentsaurrekoan. Argazkia: @sare_herritarra
Sareko bozeramaileak, prentsaurrekoan.
Sareko bozeramaileak, prentsaurrekoan. Argazkia: @sare_herritarra

E. G | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal presoei espetxe-graduan aurrera egiteko aukera eman behar zaiela uste du Sare plataformak, presoen % 32 lehen graduan baitaude (61 pertsona, guztira).

Hain justu, espetxe egoeran aurre egiteko dagoen "blokeoa" salatu dute gaur prentsaurrekoan Joseba Azkarraga eta Bego Atxa Euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko Sare herritarreko bozeramaileek.

"Presoak kartzelan izan duen bilakaera, gizartearekin duen konpromisoa edo delitua berriro ez egiteko konpromisoa kontuan hartu behar dira. ETA duela urte batzuk desagertu zen eta ezin da espetxe-graduaren progresioa jardunean balego bezala baloratu. Hala egitean askatasun-gabetzeak zentzua galtzen du, eta zigorra bakarrik balitz bezala erabiltzen da", salatu dute.

Sarek emandako datuen arabera, gaur gaurkoz 61 preso daude lehen graduan (% 32); 118, bigarren graduan (% 62) eta 10, hirugarrenean (% 5,5). Hala, preso gehienek lehen graduan eman dute euren zigor guztia, kasu askotan, 30 urte baino gehiago.

Sareren aburuz, espetxe-graduan aurrera ez egitea "eskubideak mugatzea da", eta hainbat adibide jarri ditu horren lekuko: patioan egoteko orduak gutxiago dira, baita ekintzetan parte hartzeko aukerak ere, miaketak etengabeak dira, bazkariak ezin dira jangelan egin...

Sareren datuen arabera, 60 presok euren zigorraren hiru laurdenak bete dituzte, eta beste zortzik urte honetan zehar egingo dute. Dena dela, lehen graduan daudenez, ezin dute baldintzapeko askatasuna eskatu. "Salbuespeneko araudia aplikatzen ariko ez balitzaie, denak aske leudeke", adierazi dute. 

Hori horrela, sakabanaketa politikaren auzia konpontzen ari den heinean ("itxaropentsu" daudela onartu dute), Sarek uste du graduen progresioan ere irtenbidea bilatu behar dela. Nolanahi ere, urruntze politikaren harira, plataformak gogorarazi du presoen ia erdia, % 47, Levante, Madril, Andaluzia eta Galiziako kartzeletan daudela oraindik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Euskal Autonomia Erkidegoa Presoak ETA Eguneko albisteak Albisteak Espetxeak