Politika -

'NON DAGO MIKEL?'

Zabalza auzia argitzeko "bideak" berriz martxan jartzea eskatu du Jaurlaritzak

Gogora Institutuak antolatuta, 'Non dago Mikel?' dokumentalaren inguruko mahai-ingurua egin dute Bilbon.

'Non dago Mikel?' dokumentalaren inguruko mahai-ingurua Bilbon. Irudia: EITB Media.
'Non dago Mikel?'
Egiaren eskakizunean lagundu nahi izan dio Gogorak Zabalzaren familiari

1:39

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mikel Zabalzaren heriotzaren inguruan egia ezagutzeko "bide guztiak" berriro martxan jartzea eskatu dio Eusko Jaurlaritzak Espainiako estatuari. Zabalzaren gorpua Bidasoa ibaian agertu zen 1985ean, ETAren aurkako operazio batean atxilotu eta Intxaurrondoko kuartelera eraman ondoren.

Beatriz Artolazabal Berdintasun sailburuak 'Non dago Mikel?' dokumentalaren inguruko solasaldiari hasiera eman dio larunbat honetan, Bilbon. Mahai-ingurua Gogora Institutuak antolatu du.

"Arrazoi politikoek bultzatutako indarkeriari dagokionez, giza eskubideen urraketen biktimak izan direnak aitortzeko eta erreparatzeko" Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa errepikatu du sailburuak hitzaldian, eta konpromiso bera eskatu dio Estatuari. "Mikel Zabalzaren egia ezagutzeko eskubidea bete behar du Estatuak", adierazi du. "Estatuak bide guztiak berriz martxan jarri behar ditu egia ezagutzeko", erantsi duenez. "Egiak aitortza, autokritika eta erantzukizunak garbitzea ekarri behar ditu", adierazi du Artolazabalek.

Horrela, 12/2016 Legea aintzat hartuta, Poliziaren legez kanpoko indarkeriaren biktimen memoria eta aitortza lortzeko Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa berretsi du sailburuak. Zabalzaren familiari zuzendu zaio: "Zuen auziarekin bat egiteko konpromisoa, gure auzia ere badelako: egia".

Idoia eta Begoña Zabalza Mikel Zabalzaren arreben, eta Manolo Vizcayren, Idoia Aierberen eta Ion Arretxeren senideen aurrean egin ditu adierazpenak Artolazabalek. Vizcay, Aierbe eta Arretxe Mikel Zabalzarekin batera atxilotu zituen Guardia Zibilak 1985ko azaroaren 26an. Horietako bik, Aierbek eta Arretxek, biak zenduak, torturak salatu zituzten. Zabalzaren arrebetako batek azpimarratu duenez, "familiak ez du sekula mendekua bilatu" eta nahi duten gauza bakarra Mikeli gertatutakoa ezagutzea da, "egia ezagutzea".

Jose Antonio Rodriguez Ranz Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetza sailburuordeak, Aintzane Ezenarro Gogora Institutuko zuzendariak eta Monica Hernando Giza Eskubide, Biktimak eta Aniztasun zuzendariak ekitaldian parte hartu dute.

Era berean, bertan izan dira Aitor Esteban diputatu jeltzalea, Roberto Uriarte Podemoseko diputatua, Imanol Landa (EAJ) senataria, Julen Arzuaga (EH Bildu), Miren Gallastegi (PSE-EE) eta Eva Juez (EAJ) legebiltzarkideak, Ana Viñal (Elkarrekin Podemos) eta Asier Gonzalez (EH Bildu) Bilboko zinegotziak, Pako Etxeberria antropologo forentsea, Jon Mirena Landa (EHU) eta Patricia Barcena (CEAR Euskadi), besteak beste.

Bestalde, Amaia Merino eta Miguel Angel Llamas "Pitu" dokumentaleko zuzendariek eta Idoia Zabalza Mikelen arrebak mahai-inguruan parte hartu dute.

'Non dago Mikel?' dokumentalak Gogora Institutuaren babes ekonomikoa jaso du. 2020ko Zinemaldian aurkeztu zuten, eta orain zinema-aretoetan dago ikusgai.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PSOE Donostia Gipuzkoa Nafarroa Eusko Jaurlaritza Espainiako Gobernua Zinema Eguneko albisteak Azken kultur albisteak Albisteak Terrorismoaren Biktimak Gogora Institutuaren proiektuak Polizia abusuen biktimak