Politika -

EH Bildu

"Beste baloreetan eta parametro politikoetan eraikitako herria" nahi du Otegik

EH Bilduko koordinatzaile nagusiak "berdinen euskal errepublika" eraikitzeko apustua azpimarratu du, koalizioaren 10. urteurrenari buruzko erakusketaren inaugurazioan.

Arnaldo Otegi. Argazkia: EFE
Arnaldo Otegi.
''Herri eredu berri bat'' eraikitzeko beharra azpimarratu du Otegik

0:27

EITB Media | Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak esan duenez, "beste baloreetan eta parametro politikoetan eraikitako herria behar dugu", eta koalizio independentista da "aniztasunetik herri honi eskaintzen zaion helduleku bat herri hau beste loki batera eramateko". Otegik "berdinen euskal errepublika" eraikitzeko apustua azpimarratu du, herritarrek erabakiak hartzeko gaitasuna duten gobernantza eredu berri batean.

Otegik Gasteizen koalizioaren 10. urteurrenari buruzko erakusketa baten inaugurazioan parte hartu du. Bere hitzaldian EH Bilduren sorrera gogorarazi du, Sorturen, Earen, Alternatibaren eta desagertutako Aralarren arteko akordio bezala. Inoiz elkarrekin egon ez ziren aukera politikoen arteko elkargune bat izan zen, "etorkizunari begira" gehitzen jakin zutenak.

"EH Bilduk dohain bat izan zuen sortu zenean: gehitzeko eta biderkatzeko geundela ulertzea. Hori zen gure bokazioa", esan du Otegik.

Koordinatzaile nagusiak esan duenez, EH Bilduren printzipioak dira aniztasuna, berdintasuna, elkartasuna, eskuzabaltasuna eta justizia soziala. Gainera, koalizioak "soberania eraiki bahi duen herri baten askatasun nazionala" defendatzen du, eta beste gobernantza eredu baten alde dago, herritarrek erabakiak hartzen duten ereduaren alde, hain zuzen.

Zentzu horretan, Durangon (Bizkaia) egin berri den herri galdeketa aipatu du, trenbidearen lursaileko proiektu urbanistikoaren inguruan. Esan duenez, hori dira koalizio abertzalearen "aktibitate politikoaren santu-zeinuak".

"Hemen ez da erabakitzen bulego ezkutuetan, ezta luxuzko jatetxeetan, ezta otordu pribatuetan ere; hemen jendeak erabakitzne du, eta hori da EH Bilduk herri honen politikari ematen diona", esan du.

Udaberrian koalizioak egingo duen bigarren batzarrari begira, Otegik "erantzukizuna" eskatu du. Esan duenez, gauzak asko aldatuko dira, eta ez onerako, hurrengo hamarkadan, autoritarismoa hazten ari den testuinguruan.

Horregatik, bere ustez independentismoak modu "zintzoan" esan behar die herritarrei esparru guztietan defendatzen duten eredua zein den, nola "euskal errepublika jantzi" nahi duten eta nola defendatzen duten proposamen "sinesgarriekin".

"Hori da hurrengo batzarrean dugun erronka handia. Hamar urte ez da ezer, hurrengo hamarretarako prestatzen ari gara, eta hurrengo hamar horietan berdinen euskal errepublika batera eraman nahi dugu herria", laburbildu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Arnaldo Otegi Politika EH Bildu Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak