Politika -

Estatus berria

EH Bildurentzat premiazkoa da estatus berriari buruzko eztabaida "zintzoari" ekitea

Iriartek azaldu duenez, pandemiak erakutsi du ez dagoela "tresna subirano nahikorik" herritarrak babesteko, eta beharrezkoa da estatu berri bat, baina "ez du balio Gernikako Estatutu-bis batek".

Maddalen Iriarte, Donostiako ekitaldian. Argazkia: EH Bildu
Maddalen Iriarte, Donostiako ekitaldian.
Maddalen Iriarte, Donostiako ekitaldian. Argazkia: EH Bildu

Mikel Dominguez | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Bilduren ustez, "premiazkoa eta beharrezkoa da" estatus politiko berriari buruzko eztabaidari "modu zintzo eta gardenean" ekitea, "herri gisa aurrera egiteko eta hazteko, eta euskal herritar guztiak babesteko".

Maddalen Iriarte EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak Donostian egin ditu adierazpenak, 'Hamar urte baino ez' dokumentalaren proiekzioaren aurretik.

Iriartek azaldu duenez, pandemiak erakutsi du ez dagoela "tresna subirano nahikorik" herritarrak zaintzeko eta babesteko, eta horregatik beharrezkoa da estatu berri bat. Esan duenez, EAJk eta lehendakariak ere onartu egin dute. "Alarma-estatuaren balizko eta iragarritako amaierak eta horrek dakartzan ondorioek erakusten dute hori", esan du.

"Ez du balio Gernikako Estatutu-bis batek, onartu eta berehala betetzen ez denak eta zaharkituta geratzen denak", azaldu du.

Iriartek azaldu duenez, "EAJko bozeramaileei entzun diegu estatus berriari buruzko eztabaida piztu nahi dutela Eusko Legebiltzarrean", eta gogorarazi du haiek gelditu zutela eztabaida. Orain, "eztabaida hori zintzotasunez eta gardentasunez" egitea eskatu dute.

"Eztabaida hau martxan jartzeko borondatea iragartzen den aldi berean, EH Bilduk ez duela inolako akordiorik lortu nahi esaten da. Zertan oinarritzen dira hori esateko? Edo dagoeneko erabakita duzue ez dela eztabaidarik egongo?", galdetu du.

Herritarrei argi eta garbi hitz egiteko eskatu du EH Bilduk, eztabaidak "herriaren zati honen bilakaera markatuko baitu". Koalizioaren ustez, "erabakitzeko eskubidea, berdintasunean oinarritutako Estatuarekiko harremana eta herritarren eskubideak blindatzea eta gainditzea aintzat hartuko dituen estatus berri bat adosteko gehiengo nahikoa dago", baina bere momentuan EAJk akordioa utzi eta PSEra hurbildu zen.

Izan ere, Iriartek esan du sozialistekin ezinezkoa izango dela estatus berrian erabakitzeko eskubidea onartuta izatea, Espainiar Estatuarekin "berdinen arteko harremana" sustatzea eta "euskal herritarren eskubideak zabaltzea eta hobetzea".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAE EH Bildu Nafarroa Eguneko albisteak Albisteak EAEko Estatutua