Politika -
Euskal Herria Batera
Milaka pertsonak Aberri Eguna ospatu dute Euskal Herriko plazetan eta kaleetan
Besteak beste, dantza, musika eta pintura izan dira protagonistak hainbat plaza, kale eta txokotan. Hiru kanta abestu dituzte: "Gernikako arbola", "Txoria txori" eta "Ikusi mendizaleak".
E. L. | EiTB Media
Milaka pertsonak hartu dute parte Aberri Eguneko ekitaldietan, Euskal Herria Batera kolektiboak deituta. Covid-19aren pandemiak baldintzatuta, besteak beste, dantza, musika eta pintura izan dira protagonistak.
Euskal Herria Batera ekimenak ekitaldiak egin ditu gaur, 12:30ean, 128 herritako plazetan, Aberri Eguna ospatzeko. Sentsibilitate ezberdineko herritarrek "Euskal Herriaren izatea" batera aldarrikatzeari eman diote garrantzia. Kantatu beharreko abestiak irrati, tokiko telebista eta sarearen bidez zabaldu dituzte.
Hiru kanta abestu dituzte: "Gernikako arbola", "Txoria txori" eta "Ikusi mendizaleak". EH Bildu, EH Bai eta Podemos Ahal Dugu indar politikoek eta ELA eta LAB sindikatuek ekimenarekin bat egin dute.
Iruñean, Arrotxapea, Txantrea, Alde Zahar, Mendillorri eta Iturramatik ateratzekoak ziren zutabeak bertan behera utzi behar izan dituzte. Hala ere, ekimenak ekitaldia egin du Gazteluko plazan. Musika izan da protagonista, eta Palestina, Katalunia, Galizia, Korsika, Gales, Irlanda edo Eskoziako banderekin jantzi dute plaza.
Ondoren, Irune Urra eta Carlos Ertxepare plataformako bozeramaileek euskaraz eta gaztelaniaz ohar bat irakurri dute: "Euskal Herriak herria egitea behar du, bateratzea bultzatzeko, komunitatea batzeko, etorkizuneko proiektu politikoen oinarria izateko".
Euskal Herria Baterako bozeramaileek ekitaldian azpimarratu dutenez, une honetan "herria egitea" beharrezkoa da, "betiere eztabaida demokratikoan oinarrituta, konfrontazio dinamikekin beharrezkoa denean, eta posible den heinean lankidetza dinamikekin".
Horrela, "herritarrek, gizarte eragileek eta erakundeek esfortzua norabide eta zentzu berean egitea lortuko dugu", nabarmendu dute.
Zentzu horretan, "beste behin ere, Euskal Herria Bateraren proposamenak herri guztian milaka pertsona mobilizatu ditu, komunitate baten parte sentitzen garela aldarrikatzeko, eta sentimendu hori sendotu nahi dugulako. Iaz egindako analisia baieztatu du horrek", ziurtatu dute.
"Bihartik aurrera, gure esfortzua guztiok nahi dugun Euskal Herrira gero eta gehiago hurbiltzeko bideratuko dugu", esan dute plataformako bozeramaileek. Elkarretaratzean independentziaren aldeko oihuak egin dituzte.
Sestao (Bizkaia). Argazkia: Euskal Herria Batera
Donostian, ehunka pertsona bildu dira. Zutabeak osatu dituzte segurtasun distantziak gordez, Boulevardean. Olaia Duarte EH Bilduko zinegotziak gidatu du ekitaldia. Aldez aurretik, bi bertsolari gazteren eta Mendebaldeko Saharako emakume euskaldun baten txanda izan da.
"Salbuespen baldintzetan" Aberri Eguna ospatzea aintzat hartu du Euskal Herria Baterak ohar batean; izan ere, herritarren mugikortasuna eta biltzeko gaitasuna mugaturik daude. Hala ere, "milaka pertsona mobilizatu dira Euskal Herrian".
"Euskal Herriak erabakitzeko gaitasuna eta eskubide politiko guztiak izatea" aldarrikatu du plataformak, "osatzen dugun pertsona guztiei duintasuna eta bermeak eskaintzeko".
Etorkizunean ekimena mantentzea planteatu du Euskal Herria Baterak, "urtero keinu bat eskaintzeko, Euskal Herriko edozein pertsona ahalegin kolektibo baten protagonista sentitzeko".
"Zailtasunak zailtasun, gaur gure herrietako plazak beteko ditugu. Herri bat garela kantuz aldarrikatzeko", adierazi du Bakartxo Tejeria EH Bilduko parlamentari nafarrak Twitter sare sozialean. "Gaur Aberri Eguna da!", deiadar egin du Maddalen Iriarte koalizioko legebiltzarkideak.
"Atzokoarengatik, atzokoengatik; gaurkoarengatik, gaurkoengatik... Biharko eguna ortzimugan dugulako", esan du Mertxe Aizpurua koalizioko diputatuak.
"Zaindu hostoa, askatu txoria. Herri bat gara. Burujabe izan nahi dugu. Erabakitzeko eskubidea dugu. Euskal Herriak INDEPENDENTZIA!", aldarrikatu du koalizioak sare sozialean. Era berean, "Aberri Egun on denei!" txiokatu du Euskal Herria Baik.
Bestalde, "Euskal aberria arlo publikoaren defentsatik eraikitzen da, komuna den guztia eraikiz", azaldu du Podemos Euskadik Twitter sare sozialean.
"Euskal aberria gure nortasuna da, sakonki sentitzen dugu", gaineratu du koalizio moreak ohar batean. "Baina beste gauza asko ere bada guretzat. Asko dago eraikitzeko Euskadin. Eta hori eguneroko lana da", azpimarratu du.
"Euskadik dituen kultura eta historia espezifikoek zehazten dute bere naziotasuna, baita euskarak ere, hizkuntza komunak duen garrantziagatik. Eta eraikitzen jarraitzeko, printzipio demokratikoetatik abiatu behar dugu, bere heterogeneotasuna eta aniztasuna onartuz, hor baitago bere aberastasuna", nabarmendu du.
"Horregatik defendatzen dugu erabakitzeko eskubidea; jendearen bizitzan eragina duen edozein gairi buruz erabakitzeko eskubidea. Asko dago erabakitzeko, esan diezaguketenaren kontra", aldarrikatu du.