Publizitatea
Itxi

2021/05/05

01:09

Politika

HAUTESKUNDEAK

% 76,25eko parte-hartze historikoa Madrilgo hauteskundeetan

EITB MEDIA | AGENTZIAK

2019ko hauteskundeekin alderatuta, 12 puntuko gorakada izan du parte-hartzeak.

1:22
Isabel Diaz Ayuso. Argazkia: EFE.
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Madrilgo Erkidegoko hauteskundeetako parte-hartzea historikoa izan da, % 76,25ekoa, pandemia garaian eta lanegun batean egin dituzten arren.

Portzentajea 2019ko maiatzeko bozetakoa baino 12 puntu handiagoa da, eta orain arte parte-hartze handiena izan zuten hauteskundeena (1995) baino 6 puntu handiagoa.

Goizeko gorabehera bakarra Rocio Monasterio Voxeko presidentegaiak bozkatu duen hauteslekuan gertatu da. Minutu batzuk lehenago, Femeneko hainbat ekintzailek protesta egin dute atarian. Polizia Nazionalak esku hartu du, eta protestan ari zirenak geldiarazi eta horietako bost identifikatu ditu.

Femeneko hainbat ekintzaileren protesta. Argazkia: EFE

Madrilgo Erkidegoko bozetara aurkeztu diren sei hautagai nagusietatik bostek gaur bozkatu dute. Monica Garcia Mas Madrideko hautagaiak, berriz, posta bidez emana zuen botoa.  

Isabel Diaz Ayuso PPren hautagaiak La Inmaculada Marillac ikastetxean eman du botoa, Chamberiko barrutian. Hedabideen aurrenan egin dituen adierazpenetan, parte-hartzea txalotu du: "Ikusten ari garenez, ilara luzeak daude Madrilgo ikastetxe guztietan. Horrek esan nahi du parte-hartzea handia dela eta interes handia dagoela hauteskunde hauekiko". Laneguna izaki eta pandemiagatik ezarritako osasun neurriak tarteko sor daitezkeen arazo eta ilaren aurrean, pazientzia eskatu die herritarrei. 

Isabel Diaz Ayuso. Argazkia: EFE

"Txaloak boto bihurtzeko" deia egin du Monica Garcia Mas Madrideko hautagaiak. Posta bidez eman zuen botoa, eta gaur bere aitari laguntzera joan da "familiako tradizioa" betez. "Laneguna izateagatik egun zaila" dela onartu ostean, ezkerreko blokeak (Mas Madrid, PSOE eta Unidas Podemos) gehiengo osoa lortzen badu, bihar bertan hitz egiten hasiko direla ziurtatu du.

Monica Garcia (Mas Madrid). Argazkia: EFE

Angel Gabilondo Madrilgo Erkidegorako PSOEren presidentegaiak, bere aldetik, "konbentzimenduz" bozkatzeko deia egin die herritarrei, "demokraziaren jaia" den honetan. Parte hartzeko dei "esplizitua" egin du. Horren harira, botoa ematera "ilusioz" joatea eskatu die, "Erkidegoak gauza asko baititu jokoan hauteskundeak egiten direnbakoitzean".

Angel Gabilondo (PSOE). Argazkia: EFE

Rocio Monasterio Vox alderdiko hautagaiak adierazi duenez, hauteskunde hauek "Espainiaren norabidea aldatuko dute", eta botoa emateko eta etxean ez geratzeko eskatu die herritarrei. "Vox izango da ezkerra ez sartzeko alderdi gakoa", esan du botoa eman ondoren hedabideen aurrean egin dituen adierazpenetan. Femeneko ekintzaileek egin duten protestaren harira, emakumeen eskubideen defendatzaileak direla uste dutela baina "hori ez beste guztiak" direla esan du.

Rocio Monasterio (Vox). Argazkia: EFE

Pablo Iglesias Unidas Podemoseko presidentegaiaren ustez, gaurkoa egun "historikoa" izango da, eta txalotu egin du goizeko lehen orduan hauteslekuen atarietan sortu diren "ilara amaigabeak", bereziki "langile klaseko" auzoetan. Azken parte-hartze datua "masiboa" izatea espero du, "ultraeskuinari oinak gelditzeko".

Pablo Iglesias (Unidas Podemos). Argazkia: EFE

Edmundo Bal Ciudadanoseko hautagaia pozik agertu da hauteslekuen atarian parte-hartzera gerturatu diren herritarrek sortu dituzten ilarekin, eta "parte-hartze historikoa" izateko deia egin die herritarrei. Alderdiaren etorkizunari buruz galdetuta, Ciudadanos kanpainatik "indartuta" atera dela aldarrikatu du, "jarraitzaileei, afiliatuei eta tokiko elkarteei esker". "Nire sentsazioa da alderdi hau oso bizirik dagoela eta inoiz baino beharrezkoagoa dela", gaineratu du.

Edmundo Bal (Ciudadanos). Argazkia: EFE

5,1 milioi herritar daude botoa ematera deituta

Guztira, 1.084 hautesleku, 7.265 hauteskunde-mahai eta 9.000 hautetsontzi prestatu dituzte.

Hauteslekuak 09:00etatik 20:00ak arte egongo dira zabalik. Hala ere, 65 urtetik gorakoei, urritasunen bat dutenei edota horien zaintzaileei 10:00etatik 12:00etarako tartean bozkatzeko gomendatu diete.

Koronabirusarekin kutsatuta daudenek edota sintomak dituztenek, berriz, azken orduan, 19:00etatik 20:00etara bozkatuko ahalko dute inor kutsa ez dezaten.

20:00ak aurretik ilaran dauden pertsonek botoa eman ahalko dute, itxiera ordua 20:00etarako aurreikusita badago ere. 

Boto-emaileek maskararekin joan beharko dute botoa ematera, eta hauteslekuan bertan maskara kirurgikoak izango dituzte eskura, gainetik jartzeko. Horrez gain, gel hidroalkoholikoa eta eskularruak ere egongo dira eskuragarri.

Mahaia osatzen dutenei, ostera, FFP2 maskarak, aurpegia babesteko pantailak eta eskularruak emango dizkiete.

Hauteskunde hauek lanegun batean egingo dira. Beren lanaldiak hauteslekuen irekiera orduekin bat egiten duten langileek bi eta lau ordu arteko baimena izango dute botoa emateko. Lanaldiak eta irekiera ordutegiak bi ordu baino gutxiago kointziditzen dutenek, ostera, ez dute ordaindutako baimenik izango.

259.411 pertsonak eman dute posta bidezko botoa, 2019ko hauteskundeetan baino % 41 gehiagok.

Botoa emateko eskubidea dutenek hogei hautagaitzaren artean aukeratu ahalko dute. 2019ko bozekin alderatuta, bost gehiago dira. Gaur egun Madrilgo Asanblean ordezkaritza duten sei alderdiak berriro aurkeztu dira: PSOE, PP, Ciudadanos, Mas Madrid, Vox eta Unidas Podemos.

Madrilgo Asanblea osatuko duten 136 diputatuak aukeratu behar dituzte. Biztanleriak gora egin duela eta, lau ordezkari gehiago izango dira Madrilgo Erkidegoko Parlamentuan.

Gaurko emaitzek, baina, Madrildik harago izan dezakete eragina.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena