Politika -

Elkarrizketa ETB1en

Erkoreka: Pandemiari aurre egitea ez da auzitegien lana, erantzukizun politikoa da

Jaurlaritzaren lehen lehendakariordeak aurreratu duenez, "gaur-gaurkoz posible diren neurri guztiak" sartuko dituzte prestatzen ari diren lehendakariaren dekretuan.

Erkoreka, elkarrizketaren une batean. Argazkia: EITB MEDIA
Josu Erkoreka.
Erkoreka, elkarrizketaren une batean. Argazkia: EITB MEDIA

E. G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Segurtasun sailburuak nabarmendu duenez, pandemiari aurre egitea "ez da auzitegien papera" eta egiteko hori politikoa dela erantsi du: "Erantzukizun politikoa da batez ere".

Alarma egoera amaituta, neurri murriztaileen azken hitza Auzitegi Gorenak edukitzeko dekretua onartu zuen atzo Espainiako Gobernuak, eta hori izan du hizpide Jaurlaritzako buruzagiak ETB1eko "Egun on Euskadi" saioan egin dioten elkarrizketan.

Maiatzaren 10etik aurrera egongo den ziurgabetasun juridikoari aurre egin nahian Jaurlaritzan prestatzen ari diren dekretua ere ahotan hartu du Erkorekak. Azaldu duenez, "estuki ari dira aztertzen zerbitzu juridikoak eta LABI teknikoa zer nolako neurriak sartu ahal diren dekretu horretan, juridikoki onartuak izan daitezen, eta esan dezaket gaur-gaurkoz posible diren neurri guztiak sartuko ditugula", gehiago zehaztu ez badu ere.

Gorenak hartuko duen rol berriari buruz, lehendakariordeak uste du dekretuak baduela "abantaila bat", eta erkidego guztietan "irizpide berdinak" ezartzeko aukera aipatu du. "Orain arte, argi zegoen erkidego batzuek besteek baino ahalmen gehiago zutela. Batzuek, gure kasuan bezala, eskuak lotuta genituen, gure auzitegiak muga batzuk ezartzen zizkigulako", arrazoitu du.

Horri kontrajarriz, Nafarroak, Madrilek edo Valentziak "arau berak hartzen zituzten zilegitasun osoz, auzitegi nagusiaren babesarekin", eta bitartean, Euskadin "ezin ziren hartu". Horrenbestez, Erkorekaren berbetan, "ez ziren baldintza berdinak erronka berdinari aurre egiteko".

"Hori badirudi bideratuko dela. Baina zein arazo eduki dezake dekretuak? Ba pandemiari aurre egitea ez dela auzitegien papera. Pandemia bat aurrean dugunean hor papera Legebiltzarrak dauka, neurri batean, marko juridikoa definituz, eta gero lekuan lekuko gobernuari dagokio legegileak markatutako neurri juridikoak zentzuz, ganoraz, orekaz eta seriotasunez aplikatzea. Erantzukizuna, beraz, batez ere politikoa da, beti oinarri zientifikoetan oinarrituta", azaldu du.

Azkenik, Miguel Angel Revillak atzo esandakoen inguruan galdetu diote lehendakariordeari. Adierazi du ez dakiela bi buruzagiek hitz egin ote duten, baina "harritzekoa" litzatekeela.

BIDEOA | Erkoreka: "Ez dakit Urkulluk eta Revillak elkarrekin hitz egin duten" 

Erkoreka: "Ez dakit Urkulluk eta Revillak elkarrekin hitz egin duten"
Erkoreka: "Ez dakit Urkulluk eta Revillak elkarrekin hitz egin duten"
Erkoreka: "Ez dakit Urkulluk eta Revillak elkarrekin hitz egin duten"

14:26
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza Auzitegi Gorena Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa Alarma egoera Deseskalatzea