Politika -
EH Bildu
Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaile nagusia izango da berriz, botoen % 88arekin
Koalizioko oinarriek igandean bukatuko dute hautaketa kongresua, Barakaldoko BECen.
EITB Media | Agentziak
EH Bilduren militanteek Arnalgo Otegi aukeratu dute koordinatzaile nagusi, % 88,4ak zuzendaritzak aurkeztutako plantxa babestu ostean.
Mahai Politikoak duela hainbat aste proposatu zuen Otegi zerrendaburu gisa, eta aurten ez da beste hautagaitzarik aurkeztu. Hala, Arnaldo Otegiburu duen proposamenak % 88,4 aldeko boto izan ditu. Bilkideen % 6,65ak kontra bozkatu du eta % 4,8ak boto zuria eman du.
Otegirekin batera honako hauek osatzen dute hautagaien plantxa: Garikoitz Mujika, zuzendari nagusia; Pello Otxandiano, Programako zuzendaria; Larraitz Ugarte, Komunikazioko zuzendaria; Sonia Jacinto, Antolaketako zuzendaria (zuzendari nagusiaren ondokoa izan da orain arte); Gorka Elejabarrieta, Harreman eta Nazioarteko Politikako zuzendaria; Ainhoa Beola, Politika Instituzionaleko arduraduna (Programako zuzendari izan da orain arte), eta Onintze Oleaga, Udalgintzako arduraduna.
Lurraldeak
Halaber, EH Bilduren zuzendaritza politiko nazionalerako hautagaitzaz gain, bilkideek lurraldeetako arduradun politikoetarako hautagaiak aukeratu dituzte: Ibon San Saturnino Arabako arduradun politikoa izango da (botoen % 87,2), Asier Vega, Bizkaikoa (botoen % 91,2), Nekane Zinkunegi, Gipuzkoakoa (botoen % 95,4), eta Miren Zabaleta Nafarroakoa (% 94,51).