Politika -

Iruñea

Manifestazioa egin dute Arrotxapean, 10 gazteen atxiloketa salatzeko

"Pertsona atxilotuak eta haien ingurukoak zigortzeko operazioa izan zen, ikaratzeko helburu argiarekin", salatu dute.

Manifestazioa Iruñeko Arrotxapea auzoan. EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.
Manifestazioa Iruñeko Arrotxapea auzoan. EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.
Manifestazioa Iruñeko Arrotxapea auzoan. EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.

EiTB Media | Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ehunka pertsonak (Espainiako Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzaren arabera, 900) manifestazioa egin dute Iruñeko Arrotxapea auzoan, 10 pertsonaren atxiloketa salatzeko. Espainiako Poliziak zenbait lagun atxilotu zituen Burlatan eta Iruñean, apirilaren 27an. Abokatuen arabera, "ETAren zatiketa" bat osatzea egotzi diete.

Atxilotuen senideek eta lagunek deitu dute mobilizazioa. Protesta Arrotxapeako plaza gorritik abiatu da 18:30 aldera, 'Erasoen aurrean klase elkartasuna. No estais solos' lelopean.

Besteak beste, "okupazio indarrak kanpora", "Borroka da bide bakarra" edo "Errepresiorik ez", oihukatu dute manifestazioan.

Auzoko kaleetan ibilbidea egin eta Maiteminduen parkean amaitu da protesta. "Pertsona atxilotuak eta haien ingurukoak zigortzeko operazioa izan zen, ikaratzeko helburu argiarekin", salatu dute manifestu batean.

"Auzoko lagun talde xume bat zena talde kriminal bihurtu nahi izan dute"

"Poliziaren operazio ikaragarria eta handiegia izan zen, leporatutako ekintzak kontuan hartuta", kritikatu dute deitzaileek.

"Gertatutakoa oso larria da"; izan ere, "auzoko lagun talde xume bat zena talde kriminal bihurtu nahi izan du zentzugabekeriak, manipulazio baldar batek", erantsi dutenez.

"Jarduera politikoa epaitzen ari dira gaur, Estatutik eta klase interesetik haratago", ziurtatu dute deitzaileek. "Ez da kasu bakana, eta anzteko egoerak errepikatuko dira, beraz, ezin ditugu normalizatu, ezta bestaldera begiratu ere", adierazi dute.

Zentzu horretan, "ez ditugu erasoak onartuko" eta "klase elkartasunaren bidez batu behar gara, egoera horiek eragozteko", aldarrikatu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iruñea Nafarroa Eguneko albisteak Burlata Albisteak Manifestazioak Gazteak