Politika -
TXERTAKETA
AstraZenecaren txertoaren inguruan hartutako erabakiak eztabaidagai, Radio Euskadin
AstraZenecaren bigarren txertoaren inguruan eman diren jarraibideak izan dituzte hizpide Radio Euskadin. EAJren eta PSE-EEren arabera, hartutako erabaki guztiek "oinarri zientifikoa" dute.
EITB MEDIA
AstraZenecaren bigarren txertoa hartu behar dutenei Eusko Jaurlaritzak emandako jarraibideak "kontraesankorrak" direla eta "nahasmena" eragiten dutela esan dute Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdietako kideek, Radio Euskadiko solasaldi politikoan. EAJko eta PSE-EEko legebiltzarkideen iritzian, aldiz, hartutako erabakiaren oinarrian irizpide zientifikoak daude, eta "hainbat alderdi" kontu honekin "zarata sortzen" aritzea kritikatu dute.
Gasteizko Gobernuak, atzo, ohar batean azaldu zuenez, AstraZenecaren lehen dosia jaso zuten 60 urtetik beherako funtsezko kolektiboei datorren astean hasiko da Osakidetza hitzorduak eskaintzen: Pfizerren txertoa jarriko zaie, baina AstraZenecarena nahi duenak, hori eskatzeko aukera izango du, baimen bat sinatuta.
EH Bilduko Mikel Oteroren arabera, herritarren artean "nahasmena" besterik ez dute sortu txertoaren inguruko erabakiek, eta "inprobisatzen" aritzea leporatu dio Jaurlaritzari. "Irizpide zientifikoetan oinarrituta ari direla esan arren, erabakiak ez dira argiak. Interes politikoak, logistikoak eta komertzialak daude atzean, guk ez dakizkigunak. Azkenean, txertoa hartu behar dutenen gain utzi dute erabakia", esan du.
Ildo beretik mintzatu da Elkarrekin Podemoseko Iñigo Martinez ere. Horren hitzetan ere, txertoen inguruan zabaldu diren "mezu kontraesankorren" ondorioz, herritarren artean "ezinegona" oso agerikoa da. "Mezu bakara da zabaldu behar dena; txertaketa segurua da, txerto bat edo bestea jasota ere", azpimarratu du.
PP+C's tadeko Carmelo Barriok, bere aldetik, EAEko osasun agintariak eskaintzen ari diren "espektakulu lotsagarria" salatu du.
Oso bestelako arrazoiak eman dituzte Eusko Jaurlaritza osatzen duten bi alderdietako kideek. Batetik, Leixuri Arrizabalaga jeltzaleak irmo defendatu ditu Osasun Saileko ordezkariek emandako jarraibideak, eta "lasaitasunerako" mezua igorri die herritarrei. "Hartzen duten txertoa hartuta ere, segurua direla jakin behar dute herritarrek", adierazi du.
Bestetik, Eneko Andueza sozialistak ere lasai egoteko esan die herritarrei, erabaki guztiak oinarri zientifikoa dutela eta txertaketa "kontrolpean" dagoela esanez. "Hainbat alderdiren jarrera" gaitzetsi du Anduezak, "zarata eta ziurgabetasuna" sortzen ahalegintzeagatik.