Publizitatea
Itxi

2021/05/28

08:00

Politika

SOZIOMETROA

Pandemiak ez luke ondoriorik izango EAJren eta PSE-EEren hauteskunde emaitzetan

O. A. | EITB MEDIA

Soziometroaren arabera, beren ordezkaritza mantenduko lukete EAJk (31), PSE-EEk (10) eta Voxek (1). EH Bilduk (22) eta PP+Cs-k (7) eserleku bana irabaziko lukete Elkarrekin Podemos-IUren (4) kaltetan.

1:33
Soziometroaren emaitzak. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

EAJk irabaziko lituzke Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak eta 2020ko emaitzak errepikatuko lituzke, Eusko Jaurlaritzak EAEko hauteskundeetarako boto-asmoari buruz gaur kaleratu duen inkestaren arabera. Egungo eserleku kopuruari eutsiko lieke EAJk (31), PSE-EEk (10) eta Voxek (1). Elkarrekin Podemos-IU litzateke kaltetuena, bi ordezkari galduta, 6tik 4ra pasatuko litzateke, eta legebiltzarkide bana irabaziko lukete EH Bilduk (22) eta PP+Cs-k (7). Soziometroaren arabera, beraz, pandemiaren kudeaketak ez luke hauteskunde emaitzetan ondoriorik izango koalizio gobernua osatzen duten EAJ eta PSE-EE alderdientzat. Are gehiago, gehiengo osoa izango lukete berriro.

EAJk jarraituko luke lehen indarra izaten (31 eserleku), EH Bilduren (22) eta PSE-EEren (10) aurretik. PP+Cs koalizioa laugarren postura igoko litzateke (7) Elkarrekin Podemos-IUri aurrea hartuta (4). Halaber, Voxek bere eserlekuari eutsiko lioke, Araban.

Lurraldez lurraldeko datuei erreparatuta, eserlekuen banaketa hauxe izango litzateke:

- Araba: EAJ 9, EH Bildu 6, PSE-EE 4, PP+Cs 4, Elkarrekin Podemos-IU 1, Vox 1

- Bizkaia: EAJ 12, EH Bildu 6, PSE-EE 3, Elkarrekin Podemos-IU 2, PP+Cs 2

- Gipuzkoa: EAJ 10, EH Bildu 10, PSE-EE 3, Elkarrekin Podemos-IU 1, PP+Cs 1

Araban, 2020ko hauteskundeekiko aldaketa bakarra egongo litzateke. Elkarrekin Podemos-IUk ordezkari bat galduko luke PP+Csren mesedetan. Gainerakoan, aldaketarik ez. EAJk irabaziko lituzke hauteskundeak (9), eta EH Bildu (6), PSE-EE (4), PP+Cs (4), Elkarrekin Podemos-IU (1) eta Vox (1) geratuko lirateke ondoren.

Bizkaian, ez litzateke aldaketarik izango legebiltzarkideen banaketari dagokionez.

Gipuzkoan, Araban bezala, Elkarrekin Podemos-IUk legebiltzarkide bat galduko luke, eta kasu honetan koalizio moreak galdutako ordezkaria EH Bilduk irabaziko luke. 9 ordezkari izatetik 10 izatera pasatuko litzateke, eta EAJrekin berdinduta geratuko litzateke. Boto estimazioari erreparatuta, % 0,3ko aldea legoke EAJren (% 35,3) eta EH Bilduren artean (% 35,0), jeltzaleen alde.

Inkesta maiatzaren 17tik 21era bitartean egin zuten, 18 urtetik gorako 3.333 pertsonari telefonoz deituta. Guztira, 800 pertsonak parte hartu zuten Araban, 1,449k Bizkaian eta 1.084k Gipuzkoan.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;