Politika -

EH Bilduren ekitaldia Ordizian

Eztabaida politikoa "fake eta gezurrekin zikintzea" leporatu dio Otegik EAJri

"Kudeaketa jeltzalearen mitoa erori da", adierazi du Otegik. EH Bilduren aurkako "joko zikina" kritikatu du Aizpuruak. Corrugadosen inguruan sortutako "zirku mediatikoa" salatu du Alkortak.

Arnaldo Otegi, Nagore Alkorta eta Adur Ezenarro Ordizian (Gipuzkoa). Argazkia: EFE
Arnaldo Otegi, Nagore Alkorta eta Adur Ezenarro Ordizian (Gipuzkoa).
Otegiren esanetan, "jeltzaleak urduri daude gestio onaren mitoa erori zaielako"

0:58

EiTB Media | Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Herriaren asmo nazionala mugatzea, proiektu nazionalari uko egitea" eta eztabaida politikoa "fake, gezur eta manipulazioekin zikintzea" egotzi dio Arnaldo Otegi EH Bilduko idazkari nagusiak EAJri, "proiekturik ez duzunean, lokatza bilatzen delako, baina gu ez gara bertan sartuko".

"Inork ez du anbizio handiko proiektuari uko egiteko eskubiderik, gure kasuan herri honen independentzia nazionala", adierazi du. "Kudeaketa jeltzalearen mitoa erori da", ziurtatu du.

'Zurekin' lelopean, koalizioak ekitaldia egin du Ordizian (Gipuzkoa), legealdiko lehen bi urteetan EH Bilduko alkateek egindako lana eskertzeko. Era berean, Adur Ezenarro, Ohian Mendo, Iñigo Hernando, Pablo Ortiz de Latierro eta Nagore Alkorta koalizioko alkateek eta Mertxe Aizpurua diputatuak hitza hartu dute ekitaldian..

Koalizioak "eztabaidari beldurrik" ez diola azaldu du EH Bilduko buruzagiak; izan ere, herri proposamenak eta egitasmoa ditu, eta "aurretik dauden erronken jakitun" da, nahiz eta "batzuek ez diren enteratu". "Oso lasai gaude, herriaren konfiantza eta maitasun guztiarekin", bitartean beste batzuk "oso urduri daude", gaineratu duenez.

"14 urte espetxean eman eta gero, errepresioaren ondoren, adierazpen batzuekin" ez dituztela urduri jarriko ohartarazi du Otegik. Koalizioko idazkari nagusiaren hitzetan, "gizarteak gutxi batzuen interesen edo gehiengo sozialen arabera eraikitzen dira. Beldurra eta zalantza ala segurtasuna eta ziurtasuna, hori da datozen urteetako borroka". "Jendeari segurtasuna ematen dion ordena alternatibo" bat ordezkatzen du EH Bilduk, erantsi duenez.

Arnaldo Otegiren eta Nagore Alkortaren arteko besarkada Ordizian (Gipuzkoa). Argazkia: EFE

Arnaldo Otegiren eta Nagore Alkortaren arteko besarkada Ordizian (Gipuzkoa). Argazkia: EFE

Donostiako Metroaren "zuloak", Abiadura Handiko Trena edo Euskaltelen salmenta aipatu ondoren, "zer politikaz mintzatzen ari diren" galdetu du Otegik. "Mitoa erori da, eta horrek urduri jarri ditu", esan du EAJ aipatu barik.

"Azpeitian alkatearekin eta Corrugadosekin gertatutakoa besterik ez da ikusi behar", esan du. "Iberdrolak Guadalajarara alde egin du, nork hitz egiten du horretaz", gaineratu du. Otegiren ahotan, enpresaren jabeek esan dute: "hiru lurraldeetako agintariek ez dute nahikoa egin hori horrela ez izateko".

Bestalde, Mertxe Aizpuruak "EH Bilduko" alkateen "kolektibitate" sentimendua goraipatu du, "benetako aldaketa baten alternatiba" ordezkatzen dutelako, "udaletan ekiteko modu bat". "Aurkari politikoak ohartu dira", ohartarazi du.

Era berean, EH Bilduren kontrako "joko zikina" kritikatu diputatuak. Koalizioak "ez du preziorik" eta herriaren interesen alde lanean jarraituko du, erantsi duenez. Corrugados auzian Nagore Alkorta Azpeitiko alkatearen "duintasuna" azpimarratu du Aizpuruak.

Azkenik, Nagore Alkortak berak jasotako babesa eskertu du, eta Azpeitiko Alkatetzara aurkezteak suposatu zuen "bertigoa" gogorarazi du. Ekonomia bultzatzea eta herritarren beharrizanak artatzea lehentasuna direla esan du Alkortak.

Corrugados berriz zabaltzeko, Udalaren borondatea beti Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin "biltzea" izan dela berretsi du alkateak. Zentzu horretan, gaiaren inguruan sortutako "zirku mediatikoa" kritikatu du buruzagiak. Erakundeek "gezurrezko lanpostuen" galera iragarri zuten, gogorarazi duenez, ardura Udal Gobernuari leporatuz. Horren aurrean, "eredu ezberdin bat, pixkanaka-pixkanaka" martxan jartzearen aldeko apustua egin du.

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia Ordizian (Gipuzkoa). Argazkia: EFE

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia Ordizian (Gipuzkoa). Argazkia: EFE

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Arnaldo Otegi Politika Sortu Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Azpeitia Euskal Autonomia Erkidegoa Alderdi politikoak EH Bildu EA Eguneko albisteak Ordizia Albisteak