Politika -
kitchen operazioa
Casadok ez du Cospedal Kitchen kasuan inputatzeari buruzko iritzirik eman nahi izan
PPko presidenteak esan du ez dagokiola berari "inolako informaziorik" ez duen eta bere karguaren "erantzukizunarekin" zerikusirik ez duen "gaiak" baloratzea.
o.p. | eitb media
Pablo Casado PPko presidenteak errefusatu egin du Maria Dolores de Cospedal alderdiko idazkari nagusi ohia 'Kitchen Operazioa'-n inputatu izanaz iritzirik ematea; izan ere, argudiatu duenez, ez dagokio berari "inolako informaziorik ez duen gaiei buruzko balorazioak egitea". Gainera, azpimarratu du gai horiek ez dutela zerikusirik alderdiko presidente gisa dituen "erantzukizunekin".
"Duela lau hilabete esan nuen ez nuela berriro hitz egingo baloratzea ez dagokidan eta PPko presidente gisa dudan erantzukizunarekin zerikusirik ez duten gaiei buruz, eta are gutxiago espainiarrek orain dituzten kezkekin eta irtenbide beharrarekin", esan du Casadok Ceutako portuan emandako prentsaurrekoan.
Manuel Garcia-Castellon Auzitegi Nazionaleko epaileak Cospedal eta Ignacio Lopez del Hierro bere senarra ikertuko dituela jakin zenetik, Barne Ministerioak Luis Barcenas PPko diruzain ohiaren eta haren familiaren aurka 'Kitchen Operazioa' deituriko espioitza parapolizialean ustez parte hartzeagatik, PPk eginahalak egin ditu gaia saihesteko.
Albistea jakin bezain pronto, PPk errugabetasun-presuntzioa errespetatzea eskatu zuen, eta Cospedalen aurkako neurririk hartzeko erabakirik ez zegoela esan. Agentzien arabera, Casadoren babes handietako bat izan zen Cospedal alderdiaren presidente aukeratu zuten ezohiko kongresuan.
Cospedali Estatutuek jasotzen duten bezala espediente informatibo bat irekiko ote zaion galdetuta, Casadok azpimarratu du "PPk bere zerbitzu publikoan ordezkatzen dituen balioekin duen konpromisoa" beti egon dela lotuta "berari dagozkion kontuei buruz baino ez hitz egitearekin", eta ez "inolako informaziorik ez duen gaiei buruz" mintzatzearekin.
Luis Barcenas PPko diruzain ohiari espioitza egiteagatik Kitchen auzia ikertzen ari den epaileak inputatu gisa deitu zituen atzo Maria Dolores de Cospedal alderdiko ministro ohi eta idazkari nagusi ohia eta Ignacio Lopez del Hierro senarra.
Manuel Garcia Castellon Auzitegi Nazionaleko epaileak funtzionario-eroskeria, diru publikoa bidegabe erabiltzea eta influentzia-trafikoa egotzi die. Ministro ohia ekainaren 29rako deitu dute deklaratzera eta, haren senarra, berriz, hilaren 30erako.