Politika -

Presoak

"Salbuespen legediaren amaiera" eskatu dute Sarek eta gehiengo sindikalak

Gainera, kolektiboak "lana lortzeko" dituen aukerak erraztea aldarrikatu dute, baita Euskal Herriratzea eta gradu aldaketa ere.

Manifestazioa Donostian. Argazkia: Sare herritarra
Manifestazioa Donostian.
Manifestazioa Donostian. Argazkia: Sare herritarra

EITB MEDIA | Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sare herritarrak eta ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru, EHNE, CNT eta CGT-LKN sindikatuek manifestazioa egin dute ostiral honetan, Donostian, presoei "aplikatzen zaien salbuespen legedia amaitzea" eskatzeko. Era berean, "Euskal Herriratzea eta gradu aldaketa" erraztea aldarrikatu dute.

Dozenaka pertsonak hartu dute parte martxan, "Langileok presoak etxeratzeko bidean gara" lelopean. Mobilizazioa Saguesetik abiatu da 11:30ean.

Izan Bidea ekimenaren parte izan da mobilizazioa. "Euskal presoei aplikatzen zaien salbuespen legedia amaitzea eta etxera itzultzeko pausoak ematea", eskatu dute deitzaileek.

Antolatzaileen esanetan, "gizartearen mobilizazioari esker eta erakundeei egindako eskaeren bidez norabide horretan pausoak ematen ari dira", baina "ez nahi bezain azkar", hurbiltzeari edo gradu aldaketari dagokionean.

Testuinguru honetan, "euskal preso guztiak aberriratzea, gaixorik dauden preso denak askatzea edo salbuespen neurri oro indargabetzea", exijitu dute manifestariek.

Bide horretan "herritarren eta langileen aktibazioa ezinbestekoa da", uste dute. "Gradu aldaketa zehazten hasi badira ere, pertsona gutxi batzuei soilik aplikatu diete, eta askok, nahiz eta zigorraren hiru laurdenak beteta izan, kartzelan jarraitzen dute; edo Frantzian dagoeneko bete zuten zigorra Espainian pairatzen ari dira", salatu dutenez.

Horrela, oraindik "lana egiteko" dagoela azpimarratu dute, eta horregatik "salbuespen neurrien amaiera aldarrikatzen jarraitzeko" deia egin dute. Gainera, "Euskal Herrira itzultzea eta gradu aldaketa" errazteko, "euskal presoak lana lortzea" aldarrikatu dute.

"Lanpostu bat izatea hirugarren gradura pasatzeko baldintzetako bat izan ohi da", gogorarazi dute. Horregatik, "bide hori jorratzea" eskatu dute.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Donostia Presoak Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak Sindikatuak