Politika -

Erabakitzeko eskubidea

Ehunka ahotsek burujabetzaren aldeko aldarria egin dute Bilbon

Koronabirusaren krisiak euskal erakundeen mugak agerian utzi dituela salatu dute antolatzaileek, 'Hamaika Gara erreferendumaren alde' lelopean.

Mobilizazioa, Bilbon. Argazkia: Gure Esku
Mobilizazioa, Bilbon
Mobilizazioa, Bilbon. Argazkia: Gure Esku

Berezi Fernandez | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ehunka pertsona bildu dira gaur Bilboko Areatzan, Gure Esku eta Hamaika Gara ekimenek deituta, estatus politikoa erreferendum bidez erabakitzeko eskubidearen aldeko mobilizazioan.

'Hamaika Gara erreferendumaren alde' lelopean, Euskal Herriak erabakitzeko gogoa, ahalmena eta beharra duela aldarrikatu dute mobilizazioko antolatzaile zein parte hartzaileek.

Burujabetzaren aldeko mobilizazioetan ohikoak diren aldarriez gain, aurtengoek covid-19aren krisiarekin izan dute lotura, halabeharrez. Bada, Gure Eskuko ordezkarien aburuz, egungo urgentziek zerikusi handia dute etorkizuneko erronkekin.

Amalur Alvarez Gure Eskuko bozeramaileak Euskadi Irratiko elkarrizketan azaldu zuenez, koronabirusaren krisiak agerian utzi ditu "EAEren autogobernu mailaren ahulezia", baita erakundeen mugak ere.

Gaurko mobilizazioa hasi aurretik, agerraldia egin du Alvarezek, komunikabideen aurrean. Azpimarratu du herritarrek ozen aldarrikatu dutela "erabakitzeko eskubidearen aldeko borondate argia". Ildo beretik, Gure Eskuren bozeramaileak nabarmendu du Euskal Herrian ez dagoela "erabakitzeko eskubidea bezalako adostasun sozial zabalik".

Euskal Autonomia Erkidegoko estatus politiko berriari buruzko eztabaidari buruz ere aritu da Alvarez, eta argi utzi du Gure Eskuk ez duela onartuko erreferenduma kontuan ez duen estatus berririk.

Eguneko ekitaldiei amaiera emateko, Josu Etxaburu Gure Eskuko bozeramaileak manifestua irakurri du. Salatu du egungo erronkei aurre egiteko konpetentziak urriak direla Euskal Herrian. Bide beretik, bozeramaileak "erabateko burujabetza" aurrera eramateko eskubidea aldarrikatu du.

Gainetik, Etxaburuk azaldu du lurraldeen arteko gatazkak "jendeak hitz egin dezala utzita" soilik konpondu daitezkeela, eta herriaren iritzia onartu eta errespetatu egin behar dela.

Ekitaldi politikoaz gain, antolatzaileek tarte berezia egin diote euskal kulturari. Hala, Zetak taldeak, Dupla bikoteak, Olatz Salvadorrek eta Itziar Ituñok kontzertuak eskaini dituzte Bilboko itsasadarrean barrena ibili den itsasontzian.

Ekimena aurrera eraman ahal izateko, konpromiso txartelak saldu dituzte Hamaika Gararen webgunean. Horrela, 5 euro ordainduta, Bilboko mobilizazioa finantzatzen eta segurtasun neurriak egokitzen lagundu dute hainbat pertsonek.

Antolakuntzako kideak. Argazkia: Hamaika Gara

Iriarte: "Gehiengoa gara, gehiengo nabarmena, hori ezkutatzeko ahalegina egiten badute ere"

EH Bilduk bat egin du Gure Eskuk eta Hamaika Garak antolatutako mobilizazioarekin, Maddalen Iriarteren hitzetan, erabakitzeko eskubideak demokraziaren oinarrizko printzipioekin bat egiten duelako.

"Gehiengoa gara, gehiengo nabarmena, hori ezkutatzeko ahalegina egiten badute ere. Edo eskubide hori praktikan jartzea galarazteko ahaleginak egiten dituzten arren", esan du EH Bilduko bozeramaileak.

Maddalen Iriarte, 'Hamaika Gara erreferendumaren alde' ekitaldian. Argazika: EH Bildu

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Bilbo berriak Euskal herriak Zer gertatu da Bizkaian? Gipuzkoa Albisteak Nafarroa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gure Esku bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea Azken ordukoa protestak Zuberoa albisteak Lapurdiko berriak Nafarroa Beherea