Politika -
Bilbon
ETAren su-etena egiaztatzeko taldea euskal alderdiekin bilduko da
ETAren su-etena egiaztatzeko nazioarteko taldea Bilbon dago egunotan eta besteak beste, Iñigo Urkullurekin eta Rufi Etxeberriarekin bilduko da.
Erredakzioa
ETAren su-etena egiaztatzeko taldeko sei kideak Bilbon daude aste honetan eta alderdi politiko eta euskal eragile sozialekin bilduko dira.
Talde honen izena "Euskal Herriko su etenaren Nazioarteko Egiaztatze Batzordea" da eta sei kide ditu: Ronnie Kasrils (Hegoafrika), Ray Kendall (Erresuma Batua), Chris Maccabe (Erresuma Batua), Ram Manikkalingam (Sri Lanka) eta Satish Nambiar (India). Koordinatzailea, Fleur Ravensbergen da.
Joan den irailean eratu zen, ezker abertzaleak eta Brian Currin Hegoafrikako abokatuak bultzatuta; azken honen lanek ez dute ez Gobernuaren ezta Eusko Jaurlaritzaren babesik izan.
Bilbon daude egunotan eta besteak beste, EAJko presidentearekin, Iñigo Urkullurekin, eta ezker abertzaleko buruzagiarekin, Rufi Etxeberriarekin, bilduko dira.
Helburua, alderdiekin ETAk joan den urriaren 20anjarduera armatua behin betiko uztea iragarri eta gero sorturiko egoera aztertzea da.
Bisita honen inguruan, Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak, "ETA esandakoarekin betetzen ari den ala ez ziurtatzeko onena poliziak dira" esan du gaur Radio Euskadin, "baina muturreko abertzaleek eta ETAk horrelako egiaztatzaileak behar dituzte, beraz zortea opa diet", gaineratu du.