Politika -

EAJren urteurren ekitaldia

Ortuzarrek EAJrekin sinatutako paktuak betetzeko eskatu dio Sanchezi

Euskadi Buru Batzarreko presidenteak esan du espainiar Gobernuko presidenteak "azeleragailua zapaldu" behar duela transferentziei, Bizitzeko Gutxieneko Errentari edota AHTaren gaiei irtenbidea emateko.

Andoni Ortuzar, EAJren 126. urteurreneko ekitaldian. Argazkia: EAJ
Andoni Ortuzar, EAJren 126. urteurreneko ekitaldian
Andoni Ortuzar, EAJren 126. urteurreneko ekitaldian. Argazkia: EAJ

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Andoni Ortuzarrek, EAJren Euskadi Buru Batzarreko presidenteak, berretsi du Pedro Sanchez presidentea ez dela ari jeltzaleekin 2019ko abenduaren 30ean sinatutako paktuak betetzen. Hala, esan du espainiar Gobernuko presidenteak "azeleragailua zapaldu" behar duela transferentziei, Bizitzeko Gutxieneko Errentari edota AHTaren gaiei irtenbidea emateko.

Ildo beretik, Ortuzarrek jeltzaleen botoak "doan" eskaini ditu, "Gobernu honi edo datorrenari", Estatutua bete, Ekonomia Ituna errespetatu eta "herrialde honi askatasunez erabakitzeko aukera" ematen zaion bitartean. Gainera, adierazi du bere alderdia gogaituta dagoela "xantaiagile, pirata eta argazkiak egiteagatik kobratzen duten Hollywoodeko izarrak" direla esaten dutenekin.

EAJren 126. urteurrenarengatik Bilbon egindako ekitaldian, EBBren presidentea haserre agertu da, Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoan adostutakoaren ondorioz Pablo Casado PPren buruzagiak eta Alderdi Popularreko beste hainbat politikarik egindako "irainak" direla eta.

Bada, Batzorde Mistoan hitzartutakoa babestu du Ortuzarrek. Azaldu duenez, iragan ostegunean adostutako hiru zerga berriek bidea erraztuko dute. Politikariaren hitzetan, ostegunean "gai garrantzitsuak, teknikoak eta guztiz legezkoak jorratu ziren, duela hileak konponduta behar luketenak".

Azkenik, EEBren presidenteak berriz salatu du atzerapenak daudela espainiar Gobernuarekin 2019an adostutako hainbat akordio gauzatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Kontzertu Ekonomikoa Eusko Jaurlaritza Andoni Ortuzar Espainiako Gobernua Pedro Sánchez Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Abiadura Handiko Trena