Politika -
Espainiako Gobernuari eskaera
Herrirak espetxe politikan 'erantzukizunez' jokatzeko eskatu du
Mugimenduko bozeramaileek Patxi Gomez ETAko preso ohiaren atxiloketa "oso larritzat" jo dute.
Erredakzioa
Herrira mugimenduak espetxe politikan "erantzukizunez jokatzeko" eskatu dio Espainiako Gobernuari eta ETAko presoen kontra ezarritako "salbuespen" eta "muturreko" neurriak salatu ditu.
Nagore Garcia eta Roberto Noval Herrira mugimenduko bozeramaileek Bilbon emandako prentsaurreko batean egin dituzte eskakizun horiek. Presoen eskubideen aldeko mugimendua, hilaren 5ean aurkeztu zen Donostian.
'Parot doktrina' betetzeko helburuarekin Patxi Gomez ETAko preso ohiaren atxiloketa "oso larritzat" jo dute mugimenduko ordezkariek.
Espainiako Poliziak ostegunean atxilotu zuen Bilbon Patxi Gomez ETAko preso ohia. 20 urteko espetxe-zigorra bete zuen ETAko kide izatea, lehergaiak eramatea eta hilketa-saiakera leporatuta. 2009ko azaroan, ordea, Fiskaltzak eskatuta, Auzitegi Gorenak Patxi Gomez berriro beste 10 urterako espetxeratu behar zutela ondorioztatu zuen, 'Parot doktrinak' ezartzen dituen 30 urteak betetzeko.
"Patxik bi urte daramatza Ortuellan bizitza normala egiten", ziurtatu du Novalek, eta herri horretan ere "jendea bere askatasunaren alde dago", erantsi du. Hala, 2010ean Ortuellako Udalean zigorra ez luzatzearen alde "PSE, EAJ eta EAren" aldeko botoekin onartutako mozio bat ekarri du gogora.
Patxiren egoera Espainiako Gobernuaren "mendeku hutsa" da, eta horrek gatazkaren konponbidean aurrera egiteko sektore batzuen "ezetza" azpimarratu dute.
Datozen hilabeteetan Herriraren lehentasunak gaixo dauden presoen askatasuna lortzea, ETAko presoak Euskal Herriko espetxeetara hurbiltzea eta 'Parot doktrinak' suposatzen duen "biziarteko kartzela zigorrarekin amaitzea" izango direla adierazi dute. Halaber, Txus Martin, Iñaki Erro eta Jose Mari Perez "Txuri" presoen osasun egoera salatu dute.
Halaber mobilizazioak iragarri dituzte, datorren larunbatean Zarautzen, "Txuriren" alde eta beste bat otsailaren 24an herri guztietan "larri gaixotuta" dauden presoen askatasuna aldarrikatzeko.