Politika -

Salaketa

PPko militante batek Gasteizen eraso egin diotela salatu du

20 urteko emakume bat atxilotu dute Gasteizen, Euskadiko PPko militanteari ukabilkada bat ematea egotzita. Ander Garcia Oñate Euskadiko PPko militanteak larunbat gauean jasan zuen erasoa, Florida kalean. Gaitzespen eta babes mezuak igorri dituzte alderdi eta elkarteek.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ander Garcia Oñate Euskadiko PPko militanteak salatu du Gasteizen eraso egin diotela alderdi politiko horretako kide izateagatik, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.

Hain zuzen ere, larunbat gauean, 22:10 aldera, SOS Deiak zerbitzura deitu zuen esanez emakume batek "PPko militantea izateagatik" eraso egin ziola, Florida kalean.

Ertzainak bertaratu ziren eta ustezko erasotzailea, 20 urteko emakume bat, atxilotu zuten. Igandean, epailearen esku utzi dute, gizon horri ukabilkada bat ematea egotzita.

Aipatutako iturrien arabera, lesioen partea ireki zuten, biktimak ukabilkada bat jaso zuelako, baina osasun arloko langileek ez zuten artatu behar izan.

Erreakzioak

Testuinguru horretan, Carlos Iturgaiz Euskadiko PPko presidenteak gertatutakoa gaitzetsi du eta bere babesa adierazi dio erasoa jasan duen alderdikideari. "Beste behin ere, Euskadiko PPko afiliatu bati eraso egin diote Gasteizen PPko militantea izateagatik. Nire babesa adierazi diot lankide gazteari, eta irmo gaitzetsi nahi dut eraso hau; izan ere, erradikalak, Bilduk txalotuta, Euskadin elkarbizitzaren minbizia direla erakusten du", esan du Iturgaizek Twitterren zabaldutako mezu batean.

Pablo Casado PPko presidenteak ere erasoa gaitzetsi du Twitterren zabaldutako mezu batean: "Irmo gaitzetsi nahi dugu Ander Garcia alderdikideak jasan duen eraso abertzalea". Casadok, gainera, Gobernuaren aurka egin du: "Haiekin itunak egin beharrean, Bilduren ingurukoen indarkeriari aurre egin behar dio, terroristak harrotzen dituztelako eta ETAren 377 hilketa zigorgabe argitzea oztopatzen dutelako".

Gorka Urtaran Gasteizko alkateak ere gaitzetsi du erasoa, Twitter bidez zabaldutako mezu batean. "Nahikoa da", azpimarratu du Urtaranek. Gainera, irmo gaitzetsi du erasotzailearen jarrera, eta horrelako erasoak egitera bultzatzen dituztenenak.

Horren harira, Denis Itxaso Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkariak adierazi duenez, "ezker abertzaleak arazo bat du gorrotoaren herentziarekin, eta erabakitasunez egin behar dio aurre". Hala, "elkartasuna" agertu die erasoa jasan duen gizonari eta haren familiari.

Covite Terrorismoaren Biktimen Kolektiboak ere gaitzetsi du erasoa, eta "hainbeste urtetan ETA babestutako gorrotoa" euskal gizartearen zati batetik desagertu ez izana deitoratu du.

Arabako Podemos-Ahal Duguk ere "babesa eta maitasuna" agertu dio gazteari, eta "tolerantzia falta" gaitzetsi du. Sare sozialetan zabaldutako mezu batean, koalizioak honako hau adierazi du: "Gorrotoak ez du tokirik gure artean, are gutxiago indarkeriak eta tolerantziarik edo elkarrizketarik eza, elkarbizitza politiko eta hiritarrerako".

Felix Gonzalez EH Bilduk Gasteizko Udalean duen bozeramaileak "gaitzespena" agertu du azken orduetan PPko militante batek Arabako hiriburuan jasan duen erasoaren aurrean. "EH Bilduk Gasteizen gertatutako erasoa gaitzesten dugu, eta elkartasuna adierazi nahi diogu erasotuari", idatzi du txio batean koalizio subiranistaren udal bozeramaileak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PP Ertzaintza Araba Delituak Salaketak Gizartea Euskadiko PP Denis Itxaso Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Carlos Iturgaiz