Politika -

Joseba Arregi hil da

Lehendakariak eta alderdi politikoek atsekabea agertu dute Joseba Arregiren heriotzagatik

Agintariek, ordezkari politikoek eta terrorismoaren biktimen elkarteek deitoratu egin dute sailburu ohiaren heriotza.

Joseba Arregi.
Joseba Arregi.
Euskal politikariek Joseba Arregiren irudia gogoratu dute

1:36

Eitb Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joseba Arregiren heriotzaren berri izan orduko, politikaren eta kulturaren arloko eragileek haren irudia eta lana gogoratu nahi izan dute. 

Iñigo Urkullu lehendakariak Arregi zenaren konpromisoa eta ekarpen politikoak goratu ditu, eta doluminak adierazi dizkie haren senideei eta lagunei. Gainera, agintariak gogorarazi du aurten zendu den hirugarren sailburua izan dela, aurretik Francisco Igea eta Pilar Unzalu ere hil baitziren.

Eusko Jaurlaritzako bozeramale eta Kultura sailburu Bingen Zupiriak gogoratu du Arregi ezagutu zuela hura Jaurlaritzako bozeramale e ta Kultura sailbuzu zela. Jaurlaritzan, euskararen biziberritzean eta euskal kulturan izan zituen "erantzukizun handiak" azpimarratu ditu. 

Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako Lan eta Lan sailburu eta Bigarren lehendakariordeak eta PSE-EEko idazkari nagusiak besarkada bat bidali dio Arregiren familiari. "Aldaketaren bultzatzaile" izateaz gain, Arregik terrorismoaren biktimen alde egindako "lehentasunezko" begirada azpimarratu du.

EAJk eta EBBko lehendakari Andoni Ortuzarrek doluminak eman dizkie Arregiren familiari eta euskararen normalizazioan eta euskal kulturaren garapenean hark egindako lana goraipatu dute, "ondorengo desadostasun guztien gainetik". 

Maddalen Iriarte EH bilduko Legebiltzarreko bozeramaileak esan du "inpresioa handia" eragin diola Joseba Arregi sailburu ohiaren heriotzak; izan ere, kazetari gisa behin baino gehiagotan elkarrizketatu zuen eta familiek ere harremana zuten. "Oso gizon jantzia eta kultua" zela nabarmendu du.

Espainiako gobernuak Euskadin duen ordezkari Denis Itxasok Arregiren "Euskadiren aniztasunaren aldeko defentsa tinkoa" azpimarratu du.

Euskadiko PPko presidente Carlos Iturgaizek  atsekabea agertu du Arregiren heriotzagatik eta hark terrorismoaren biktimei erautsitako babesa nabarmendu du. 

Memoriaren eta biktimen aldeko elkarte askok, Arregik biktimekiko izandako konpromisoa goraipatu dute.

Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroak Joseba Arregi sailburu ohiaren "konpromiso hautsiezina" eta ETAri "zilegitasuna kentzeko" eta "terrorearen aurkako Zuzenbide Estatua legitimatzeko" egindako lana azpimarratu ditu. Joseba Arregi erakunde horren gurasoetako bat izan dela gogorarazi du Gasteizko Memorial Zentroak sare sozialetan.

Halaber, Covitek ere Arregiren heriotzak eragindako nahigabea azaldu du sareetan; "Joseba lagun handia izan zen Coviterentzat", adierazi dute sare sozialetan, eta "haren hitzek eta irakaspenek bizirik iraungo dute gugan".

Fernando Buesa Fundazioak bere gertutasuna adierazi dio hildakoaren familiari. "Terrorismoaren biktimen duintasuna inork ez bezala defendatu zuen pertsona bikaina" izan dela adierazi dute, "gure Fundazioko lagun ona, hainbestetan kolaboratu zuena".

Miguel Angel Blanco Fundazioak bere tristura adierazi du Arregiren heriotzagatik, "inork baino hobeto azaldu baitzuen terrorismoaren biktimen esanahi politikoa, derrigorrezko nazionalismoaren aurka matxinatzen jakin zuen politikaria, azken muturreraino babestu gintuen gizon ona. Eskerrik asko, Joseba, hartu atseden bakean ", idatzi dute sareetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Eusko Jaurlaritza PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak Terrorismoaren Biktimak