Politika -

Politika orokorreko eztabaida

Elkarrekin Podemos-IU Jaurlaritzarekin akordioak egiteko prest agertu da, "Urkulluk norabidea aldatzen badu"

Miren Gorrotxategik adierazi du ez duela "bertigorik" EAJrekin itunak egiteko, baina azpimarratu du horretarako ezinbestekoa izango dela lehendakariak koalizioaren proposamenak onartzea.

Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IU koalizioaren bozeramailea.
Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IU koalizioaren bozeramailea.
Elkarrekin Podemoseko Miren Gorrotxategiren mintzaldi osoa

25:11

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Elkarrekin Podemos-IU koalizioa Eusko Jaurlaritzarekin akordioetara heltzeko prest agertu da, baina horretarako Iñigo Urkullu lehendakariak "norabidea aldatu" beharko duela azpimarratu du, besteak beste, zerbitzu publikoen aldeko apustua eginda.  

Hala adierazi dute Miren Gorrotxategi (Elkarrekin Podemos) eta Jon Hernandez (IU) koalizioaren bozeramaileek Politika Orokorreko eztabaidan egin duten hitzartzean.

Lehendakariak adostasunak bilatzeko prestutasuna eskatu dio goizean egin duen agerraldian oposizioari, eta Miren Gorrotxategik horretarako borondatea dutela erantzun dio arratsaldeko saioan. Alabaina, itunak egiteko koalizioaren proposamenak onartzea ezinbestekoa izango dela azpimarratu du, EAJk eta PSE-EEk koalizioan osatzen duten Gobernuarekin oinarrizko desadostasunak dituztela gogoratuta, ikuspuntu ideologikotik nahiz kudeaketa ereduari dagokionean.

"Guk ez dugu bertigorik, baina ez gara inorekin ezkonduko. Gu ez gara Gobernuaren kanpoko bazkideak eta itxurazko oposizioa egiten. Gure proposamenak onartzen dituzuenean, aldeko botoa emango dugu; eta akordioa ezinezkoa bada, aurrean izango gaituzue", esan dio lehendakariari.

Jon Hernandezek ere ildo beretik jo du eta berretsi egin du funtsezko gaietan akordioetara heldu ahal izateko, Eusko Jaurlaritzak "norabidea aldatu" beharko duela, zerbitzu publikoen eta zerga-sistema justu baten aldeko apustua eginez.

Autogobernuari dagokionez, harrituta agertu da Urkulluk 1839ko eredua jarri duelako mahai gainean. "XXI. mendeko irtenbideak bilatzen ari ginela pentsatzen nuen, eta planteamendu hori ez da gaur egungoa", deitoratu du.

Horrez gain, argi utzi du ez direla Eusko Jaurlaritzaren bazkide izango: "Gure koalizioa oso urrun dago EAJk eskaintzen duen politika ekonomikotik eta gure eredu alternatiboari ez diogu uko egingo".

Ildo horretan, Gorrotxategik esan du pandemiari aurre egiteko bide bakarra zerbitzu publikoak eta gizartea defendatzea dela.

Hala, ondoko aldarrikapenak nabarmendu ditu: zaintza zerbitzu publiko propioa, integrala eta unibertsala sortzea; hezkuntza publikoa eta euskalduna bultzatzea; etxebizitza bat izateko eskubidea bermatzea; eta eredu energetiko berri bat lantzea, energia berriztagarriak lehenetsiz eta enpresa publiko baten bidez kudeatuz.

Lurraldetasunaren harira, Elkarrekin Podemos-IUk eredu federalista eta errepublikarra aldarrikatu du eta Gernikako Estatutuko eskumen guztiak transferitzeko galdegin du.

"Subiranotasunez hitz egiten dugunean, ez gara soilik lurraldetasunaz ari, herritarrek beraiengan eragiten duten gai guztiez erabakitzeko aukera bermatzeaz ari gara", zehaztu du Gorrotxategik.

Elkarrekin Podemos-IUko Jon Hernandezen mintzaldi osoa
Elkarrekin Podemos-IUko Jon Hernandezen mintzaldi osoa
Elkarrekin Podemos-IUko Jon Hernandezen mintzaldi osoa

5:18
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa Alderdi politikoak Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Miren Gorrotxategi