Itxi

2021/09/23

11:18

Politika

Elkarrizketa

Otegi: "Lehendakariak ez du nahi EH Bildu akordioetan egotea"

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA

Koalizio subiranistaren koordinatzaile nagusiak ez du posible ikusten aliantzak epe laburrean aldatzea, baina ziur agertu da etorkizunean "egon egongo" dela.

  • Otegi, Radio Euskadiko estudioetan.

    Otegi, Radio Euskadiko estudioetan. Argazkia: EITB Media

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak akordioetarako duten borondate ezberdina nabarmendu du Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak. Salatu duenez, koalizio subiranistak Urkulluren gobernuarekin itunak lortzen ez baditu, lehendakariak hala nahi ez duelako da: "Lehendakariak ez du nahi EH Bildu akordioetan egotea". Hala, ez du uste epe laburrean behintzat "aliantzak aldatzea", baina ziur agertu da etorkizunean "egon egongo dela"; "maitasun aniztasunak funtzionatuko du", iragarri du.

Estatuko Aurrekontu Orokorren negoziazioaz ere galdetu diote Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan. Horren harira, esan du oraingoan, iaz ez bezala, ezin duela esan EH Bilduk aurrekontuak babestuko dituen.

Atzo Mertxe Aizpurua eta Oskar Matute EH Bilduko diputatuek Felix Bolaños Espainiako Presidentetza ministroarekin egindako bilera, aurreneko "hurbilketa formal bat" izan zela azaldu du, eta aurrerantzean lan egiten jarraitu beharko dutela, "bi aldeek izan ditzaketen interesak hurbiltze aldera". Dena dela, aitortu du ez dagoela interesik "Gobernua desegonkortzeko, dagoen alternatiba txarragoa delako" (eskuina ahotan).

Horri kontrajarrita, EAEko aurrekontuak negoziatzeko Jaurlaritzak duen borondate falta kritikatu du: "Akordiorik ez badago da lehendakariak nahi ez duelako". Erantsi duenez, EH Bildu prest legoke adostasunak bilatzeko, "betiere edukiak kontuan hartuta".

EAEko sozialisten Idazkaritza Nagusian egongo den aldaketak (Idoia Mendiak iragarri du buruzagitza utziko duela) EH Bildu eta PSE-EE hurbilduko ote dituen itaunduta, Otegik ez du uste epe laburrean aliantzak aldatuko direnik. "Argi dago hori egon egongo dela, maitasun aniztasunak funtzionatuko du eta. Zentzun horretan, uste dut, eta errespetu guztiarekin diot, EAJk harremanen oso kontzepzio matxista duela: harekin zaudenean ezin zara beste inorekin egon, baina bera, aldi berean, jende guztiarekin dago", kritikatu du.

Luze eta zabal mintzatu da Otegi hezkuntzaz, eta aurreratu du badagoela "oinarria" arlo horretan akordioa lortzeko. "Euskadin hezkuntzaren inguruko estatu-ituna lortu ahal dugu", adierazi du. Ohartarazi duenez, "hezkuntza kolapso egoeran sartuko da", eta, beraz, aurten bertan adostu beharko lirateke itun horren oinarriak.

Hizkuntza ereduen inguruan, Otegik esan du egungo ereduek ez dutela bermatzen ikasleak bi hizkuntzetan, gaztelaniaz eta euskaraz, ondo aritzea. "Ekar diezadatela Euskal Eskola Publikoan ikasitako eta gaztelaniaz ez dakien ume bat, eta nik euskaraz ez dakiten pila bat topatuko ditut", azaldu du adibide modura.

Azkenik, baztertu egin du EH Bilduren hurrengo lehendakarigaia izango denik. "Ez dut pentsatu ere egin. Besteak beste, hurrengo urtean Auzitegi Nazionalean epaiketa bat dudalako. Dena dela, une honetan ez da ezker independentistan dagoen eztabaida bat", azpimarratu du. 

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;