Itxi

2021/09/24

15:09

Politika

Puigdemonten atxiloketa

Puigdemont epailearen aurrean deklaratzeko zain

Eitb Media

Gonzalo Boye haren abokatua "oso lasai" azaldu da, uste baitu "dena lasaitzen denean" Europako zuzenbidea aplikatuko dela eta aske utziko dutela.

1:36
Carles Puigdemonten artxiboko argazkia. Agentzietako bideo batetik ateratako irudia.
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohia epailearen aurrera noiz eramango zain dago. Atzo atxilotu zuten buruzagi politikoa, Sardinian (Italia). Ordudanik polizia-etxean dute.

Puigdemontek Sassariko Apelazio Auzitegian deklaratuko du, haren bulegotik baieztatu dutenez.

Gonzalo Boye abokatua "oso lasai" azaldu da bere bezeroa atxilotu dutela eta, "konbentzituta" baitago ez dutela estraditatuko eta laster aske utziko dutela. Puigdemont epailearen aurrera eramaten dutenean, "handik ordu edo egun batzuetara, dena lasaitzen denean, Europako zuzenbidea aplikatuko da eta aske utziko dute".

Radio Euskadiri gaur goizean eskaini dion elkarrizketa labur batean nabarmendu duenez, "Llarenaren (Auzitegi Goreneko epailea) euroagindua ezin da aplikatu Europar Batasunean", eta hala, laster aske geratuko dela erantsi du, "Alemanian gertatu zen bezala".

Boyeren esanetan, "euroagindua Schengen sisteman erregistratuta dago", baina horrek ez du esan nahi aplikatzerik dagoela. Azaldu duenez, "Espainiako Estatuak eta Europako Parlamentuak jakinarazi zioten Europar Batasuneko Auzitegi Orokorrari euroagindua ezin zela aplikatu Batasuneko inongo estatutan. Hori kontuan hartuta, auzitegi horrek ezarritako kautelazko neurriak altxatu zituen. Orain badirudi baten batek ez zuela egia esan, edo baten bat alproja balitz bezala ari dela Auzitegi Orokorrarekin".

Helegitea Europako Auzitegian

Carles Puigdemonten abokatuek helegite berri bat aurkeztuko dute Europar Batasuneko Auzitegi Orokorrean "gaur bertan edo lehenbailehen", immunitatea itzul diezaioten Pugdemonti, haren abokatu Simon Beckaertek azaldu duenez. 

Abokatuak argitu duenez helegitean jasoko duten argumentuetako bat izango da Auzitegi Gorenak "zin egin" ziola Europar Batasuneko Auzitegi Orokorrari Pugdemonten aurkako euroagindua "bertan behera" geratua zela, Pablo Llarena Auzitegi Goreneko magistratuak estradizio bat atzera botatzea ahalbidetzen duten arrazoiak argitu bitartean. Hala jaso zuen auzitegi europarrak uztailaren 30eko ebazpenean, atxilotua izateko arriskurik ez zegoela iritzita Kataluniako presidente ohiari immunitatea kendu zionean. 

Autoak dioenez, "Auzitegi Gorenak atariko kontu hori argitzen ez duen bitartean, ezerk ez du ahalbidetzen Belgikako agintari judizialek edo beste Estatu kide bateko agintariek diputatuen aurkako atxilotze agindu europarrak bete eta Espainiara entregatzea", dio autoak.

Beckaertek azaldu duenez, helegite berri horretan jasoko dute, halaber, Italian atxilotu ondotik Puigdemonti Europako Parlamentura joan eta eurodiputatu gisa dituen funtzioak betetzea "eragozten" ari direla eta horretarako baduela immunitatea, Europar Batasuneko Auzitegi Orokorrak uztailaren 30eko ebazpenean hala zehaztu zuen heinean.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;