Politika -
Kontrol saioa Legebiltzarrean
Lehendakariak ekimen gehiago aurkeztuko ditu, ETAren aroa ixteko
Patxi Lopezek esan du "foroak eta formulak" sortu behar direla "akordioak" lortu ahal izateko, "aurrera egitea helburu".
Erredakzioa
Patxi Lopez lehendakariak iragarri du Eusko Legebiltzarrean agerraldia egitea eskatuko duela, ETAren amaieraren aurrean "ekimen" gehiago aurkezteko.
Hain zuzen ere, irailean aurkeztu zuen dekalogoa "berritzeko eta garatzeko" ekimenak izango dira, "garai berriko aukerez baliatu, aro terrorista behin betiko itxi eta memoria eta bizikidetza errotzeko". Lopezek Legebiltzarrean egin ditu adierzpenok, Gobernurako kontrol saioan, Gorka Maneiro UPyDko legebiltzarkideak egindako galdera bati erantzunda. Joan den asteburuan 'Gara' egunkarian egindako elkarrizketaren harira egin dio galdera Maneirok. Bertan, lehendakariak esan zuen gizarteak ez duela ulertzen Arnaldo Otegi espetxean izatea.
Hori horrela, lehendakariak erantzun du elkarrizketa horretan "inkesta eta ikerketa guztietan" agertzen den "errealitate sozial bat" berretsi zuela, eta Zuzenbide Estatuari, botere banaketari eta auzitegiei "errespetua" diela.
"Gure sistema demokratikoaren esanahia azpimarratzeko eta bere balioari zilegitasuna emateko dena eman dugu nik eta nire alderdiak, bizitza arriskuan jartzeraino", nabarmendu du lehendakariak.
Horrez gain, protagonismoa eta etekin elektoralak bilatu nahi izatea leporatu dio UPyD alderdiari, "elkarbizitza demokratikoaren alde gainerako demokratekin bat egin beharrean".
"Zure arazoa populismo oker batera jokatzen duzula da, terrorismoaren zikloari amaiera emateko euskal gizartean piztu den itxaropenari lagundu beharrean. Populismo hori muturrera eraman duzue eta bakarrik geratu zarete", erantsi du.
Ildo horretan, eta ironiaz, eskerrak eman dizkio Gorka Maneiroren alderdiari, "zuen jarrerarekin gainerako indar politiko gehienak Diputatuen Kongresuan adostasun batera heltzea eta akordio positibo bat sinatzea ahalbidetu duzuelako".
Amaitzeko, Kongresuan adostutako akordio horri jarraipena eman behar zaiola esan du Patxi Lopezek: "Hitzarmen horrek bere ibilbide propioa izan behar du Euskadin, indarrak batzen jarraitzeko eta bidea denok batera egiteko".