Politika -
Eusko Legebiltzarra
Polemika eta guzti onartu du Legebiltzarrak Kontu Epaitegian sartzeko gehiengoak indartzen dituen legea
Herri Kontuen Euskal Epaitegian sartzeko beharrezkoak diren gehiengoak indartzen dituen lege erreformak EAJ, PSE-EE eta PP+Cs-ren babesa jaso du, eta EH Bilduk, Elkarrekin Podemos-IUk eta Voxek ez dute ontzat eman, kideen inpartzialtasuna bermatzen ez dela iritzita.
Agentziak | Eitb Media
Herri Kontuen Euskal Epaitegian sartzeko beharrezkoak diren gehiengoak indartzen dituen lege erreforma onartu du gaur Eusko Legebiltzarrak. EAJren, PSE-EEren eta PP+Cs-ren babesa jaso du, baina, EH Bilduk, Elkarrekin Podemos-IUk eta Voxek ez dute ontzat eman, kideen inpartzialtasuna ez dela bermatzen uste baitute.
Polemikaz betea egon da bozketa, izan ere, EAJk, PSE-EEk eta PP+Cs-k adostutako testua bozkatzeko orduan akats bat egon da; testua proposatu duten alderdi horiek beraiek, kontra bozkatu dute. Horregatik, lehen bozketan onartu gabetzat jo da erreforma.
Akatsa izan dela ikusirik, Bakartxo Tejeria Ganberako presidenteak bozketa errepikatzea erabaki du. Bigarren bozketa horretan, aurreikusitakoaren arabera, aurrera atera da testua.
EH Bilduko Nerea Kortajarenak azaldu duenez, bere taldeak protesta moduan ez du botoa ematen jarraitu, bozketa errepikatu delako, eta, mantendu izan balitz, legea bertan behera uztea ekarri zuelako. "Zure akatsa izan da (EAJ). Gertatutakoak ez du paserik", salatu du.
Txosten juridikoak eskatu dituzte
EH Bilduk iragarri duenez, idatzia helaraziko dio Eusko Legebiltzarreko Mahaiari bozketa baliogabetzeko eta txosten juridiko bat eskatuz. Kortajarenaren ustez, gertatutakoa "oso larria" izan da eta presidentearen jarrera "erabat onartezina da eta presidente karguak behar duen neutraltasunaren kontra doa".
Gogorarazi duenez, 2013n, antzeko egoera baten aurrean, Tejeriak ebatzi zuen osoko bilkuran egiten ziren bozketak ez zirela errepikatuko legebiltzarkideak bozkatzean akatsa eginez gero.
Ganberako Presidentetzako iturriek EFEri azaldu diotenez, gaurkoan akatsa ez ezik "nahasmendua" ere egon delako errepikatu dute.
Elkarrekin Podemos-IUk ere txostena eskatu die zerbitzu juridikoei. Nabarmendu duenez, ez dute ulertzen zergatik ukatu dien Tejeriak hitza hartzea ordezkariei.
Era berean, esan du "akatsak daudenean malgutasunez" joka daitekeela, baina erabakia "irizpide berdinzaleekin" hartu behar dela, eta ez "modu arbitrarioan, ez bakarrik gobernua osatzen duten alderdien mesedetan, baizik eta kasu guztietan".
Hiru bosten babesa
Eztabaida hori alde batera utzita, onartu egin da 1988an EAJk, PSE-EEk eta PP+Cs-k adostutako arau horren aldaketa. Erreforma hori EH Bilduren eta PP+Cs-ren eskutik iritsi zen Ganberara, bi lege-proposamenen bidez, eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren funtzionamendua arautzen duen legean hainbat aldaketa proposatzen zituzten.
Berritasun nagusien artean, nabarmentzekoa da organo horretako kideak Ganberako gehiengo osoz hautatuak izatetik Legebiltzarreko hiru bostenen botoarekin hautatuak izatera igaroko direla.
Horrez gain, gutxienez 12 urteko esperientzia profesionala egiaztatu beharko dute, orain arte baino bi urte gehiago, eta agintaldiek sei urteko iraupena izango dute. Baldintza hori behin bakarrik berritu ahal izango da. Halaber, gizonen eta emakumeen artean izendapen orekatua izateko eta goi-mailako titulazio akademikoa izateko beharra ezartzen da.
Kideak jardunean dauden bitartean, ezin izan dute beste kargu publikorik bete eta debekatuta izango dutela sindikatu edo alderdi baten ordezkari gisa jardutea.
Botoaren azalpena
Josu Estarrona EH Bilduko legebiltzarkidearen iritziz, onartutakoak ez ditu "gardentasuna eta independentzia" bermatzen, eta kritikatu egin du kargu publikoak HKEEn sartzerik ez izatea kargua utzi eta bi urte igaro baino lehen.
Ildo berean mintzatu da David Soto Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkidea. "Aukera historikoa galdu da nolabaiteko espiritu abangoardista erakusteko", esan du. Bestalde, Amaia Martinezek (Vox) uste du "independentziak eta inpartzialtasunak bermatuta" jarraituko dutela "Bilbo auziaren lotsagabekeriaren ostean".
Itxaso Berrojalbiz EAJ-PNVko legebiltzarkidearen esanetan, legeak "parekotasuna, adostasuna eta gardentasuna" ahalbidetzen ditu. Eztabaida honetan Jose Luis Bilbaoren aukeraketara jotzeko beharrik ez zegoela esan du eta hobekuntzak ekarriko dituen lege baten aurka bozkatu duten alderdien gaitzespena kritikatu du.
Sonia Perez PSE-EEko ordezkaria pozik agertu da erreforma honekin eta hiru talderen artean lortutako adostasunarekin.
Amaitzeko, Jose Luis Gordillo PP+Cs-ko ordezkariak goraipatu egin du lege hori, "gardentasuna, independentzia eta inpartzialtasuna" areagotzen dituelako eta gehiengo berriak "pertsona benetan egokiak eta independenteak proposatzeko betebeharra" bermatzen duelako.