Politika -

PROFILA

Eneko Andueza, ezkerraren espazioa zabaldu nahi duen euskal sozialisten belaunaldi berriaren ordezkari

Eibarren jaio zen duela 42 urte eta Zientzia Politikoetan eta Administrazioan lizentziatu zen EHUn. Lau liburu idatzi ditu, ETA indarrean zela gazte sozialista izatea nolakoa zen azalduz bat, eta zezenei buruzko beste hiru.

Eneko Andueza PSE-EEren ekitaldi batean. Argazkia: EFE
Eneko Andueza PSE-EEren ekitaldi batean.
Eneko Andueza PSE-EEren ekitaldi batean. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eneko Andueza Lorenzo izango da aurrerantzean PSE-EEren idazkari nagusi berria Idoia Mendia ordezkatuz, zazpi urte eta gero. Hain zuzen ere, Andueza zen Mendiaren hautagai gustukoena bera ordezkatzeko.

Eibarren jaio zen duela 42 urte Eneko Andueza eta Zientzia Politikoetan eta Administrazioan lizentziatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU). Euskalduna da, ezkonduta dago eta bi seme-alabaren aita da. 1997an Ramon Jauregik PSE-EEko idazkari nagusi izateari utzi zionetik, bizkaitarrak izan dira ondorengo guztiak: Nicolas Redondo Terreros, Patxi Lopez eta Idoia Mendia. 24 urte beranduago, baina, gipuzkoarra izango da berriz ere euskal sozialisten burua.

Bere ibilbide politikoa 17 urterekin hasi zuen Gaztedia Sozialisten baitan lehenik eta udal politikagintzari lotuta gero. Zinegotzi izan zen Ordizian eta Eibarren, azken horretan, gaur egun Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolaketa, Etxebizitza eta Garraio sailburu den Iñaki Arriola alkate zen garaian.

2011n Gipuzkoako Batzar Nagusietako prokuradore hautatu zuten eta handik gutxira bere taldeko bozeramaile izendatu zuten gaur egun Espainiako Gobernuaren Euskadirako ordezkari den Denis Itxaso ordezkatuz.

Ondoren, Jose Antonio Pastor ordezkatu zuen Eusko Legebiltzarrean PSE-EEren talde parlamentarioaren bozeramaile gisa eta 2017ko urrian Gipuzkoako sozialisten idazkari nagusi hautatu zuten.

Itun instituzionalak: EAJrekin dituzten akordioei leial

EAJrekin osatzen duen gobernuarekiko "leial" jardungo duela baieztatu izan du behin baino gehiagotan, baina hauteskundeetako emaitzak ere hobetu nahi ditu eta "euskal ezker baliagarriaren eremua zabaltzea" dela bere nahia, eta horren aldeko apustua egingo duela ere esan izan du. Hala, bestelako aliantzetarako bidea ireki dezake. Gogoan izan behar da, adibidez, Irunen sozialistak eta Elkarrekin Podemosek agintzen dutela, oposizioan dagoen EH Bilduren babesarekin, aurrekontuetan.

Hori bai, gaur bertan Radio Euskadin elkarrizketatuta, Anduezak esan du EAJk jarraituko duela izaten "lehentasunezko bazkidea" eta euskal instituzioetan bi alderdien artean egindako akordioei "indarrean" eutsiko dietela.

Euskal sozialisten idazkari nagusiak iraganeko soketatik askatuta ekin nahi dio bere bide berriari, ETAren indarkeriaren amaieratik 10 urte igaro direnean eta biktimak, memoria eta "errelato erreala" aldarrikatzen ditu. "GALen historian nire alderdiak zerbait eduki badu, egin duenak ordaindu egin beharko du. Biktimei zor diegu" adierazi zuen duela urtebete.

Idazle

Aurtengo apirilean "Jovenes sin juventud" liburua argitaratu zuen Ramon Rubial Fundazioaren eskutik, bere esperientzia pertsonala kontatuz, "gaztetan, ETA indarrean zen garaian, politikoki nabarmendu zirelako gizartearen zati handi batek bizkarra eman zien gazte haien istorioak jasoz".

Politikaz aparteko kontuetan, oso zezenzalea da Andueza eta pasio horrek hiru liburu idaztera eraman du. Horietako bat, "Toros desde la izquierda" polemikoa izan zen eta harrabots handia eragin zuen sare sozialetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Gipuzkoa Eibar Euskal Autonomia Erkidegoa Alderdi politikoak PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak Eneko Andueza