Politika -

RADIO EUSKADI

Andueza: "Oso pozik nago jasotako babesarekin"

Eneko Andueza aukeratu zuten, atzo, PSE-EEko militanteek idazkari nagusi berri izateko; botoen % 95,30 jaso zituen hauteskunde primarioetan.

Eneko Andueza, gaur, Radio Euskadiko, Bilboko egoitzan. Argazkia: EITB.
Eneko Andueza, gaur, Radio Euskadiko, Bilboko egoitzan. Argazkia: EITB.
Eneko Andueza, gaur, Radio Euskadiko, Bilboko egoitzan. Argazkia: EITB.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Urratsez urrats eta "denborak errespetatuz" egingo duela bidea esan du Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusi izateko aukeratu berriak. Azaroan egingo duten kongresuan definituko duela bere proiektu politikoa adierazi du, eta aurrera begirako erronkak bertan azalduko dizkiela alderdikideei. Bere hitzetan,  ondoren zabalduko da zuzendaritza berria osatzeko epea.  Zentzu horretan, ez du izenik aurreratu.

Radio Euskadin egin diote elkarrizketa hauteskunde primarioen biharamunean, eta bertan EAEko lehendakari izateko PSE-EEren hautagai izango den galdetuta, hala izateak "ilusioa" egingo liokeela esan du, baina militanteen esku utzi du erabakia.

Alderdiaren egitura eta helburuei begira,  hainbat aldaketa egitea da bere asmoa, "ondo dagoena mantenduta". Hori bai, aliantzetarako euren lehentasunezko bazkidea EAJk jarraituko duela izaten garbi utzi du, eta PSE-EEk EAJrekin egun dituen akordioei eutsi egingo diela azaldu du.

Halere, EH Bildurekin gai eta toki zehatz batzuetan, "ETA desagertu eta 10 urtera",  akordioak ixteagatik EAJ sozialistei "kontu eske" ibiltzeak "belarriko mina" eragiten diola aitortu du. "Eurek ez zuten erreparorik izan Batasunarekin Lizarra Garaziko ituna adosteko, ETA herritarrak hiltzen ari zen garaian", gehitu du.

Bestalde, Espainiako aurrekontu orokorrak onartuko direla ziur agertu da Andueza, eta  PSOEren eta Unidas Podemosen artean arrakala areagotu duen lan erreformaren inguruko akordioa ere etorriko dela uste du.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV PSOE PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak Eneko Andueza