Politika -

Primarioak

Eneko Andueza izango da PSE-EEren buruzagi berria, botoen % 95 jasota

Bere aurkariak, Soraya Morla zinegotzi ohi bizkaitarrak, botoen % 4,28 soilik eskuratu du. Idazkari nagusi berriak eskerrak eman ditu "zalantzarik gabeko" babesagatik, eta "guztiei" zuzendu zaie "aro berri bat" abiatzeko. Mendiak poz "handia" erakutsi du emaitzagatik.

Eneko Andueza, PSE-EEren buruzagi berria. Argazkia: Efe
Eneko Andueza, PSE-EEren buruzagi berria. Argazkia: Efe
Eneko Andueza, PSE-EEren buruzagi berria. Argazkia: Efe

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eneko Andueza aukeratu dute PSE-EEko militanteek idazkari nagusi berri izateko, botoen % 95,30 jaso baitu gaur egindako hauteskunde primarioetan, alderdiak botoak zenbatu ostean jakinarazi duenez.

Bere aurkariak, Soraya Morla zinegotzi ohi bizkaitarrak, botoen % 4,28 soilik eskuratu du. Barne hauteskundeotako parte-hartzea % 65,75ekoa izan da, botoa emateko eskubidea zuten 5.013 militanteetatik 3.296k eman dutelako botoa.

Pronostikoa bete egin da, ez da ezustekorik izan, eta Andueza faboritoa, zuzendaritzaren babesa zuena, izango da Idoia Mendiaren lekua hartuko duena idazkari nagusi karguan.

Anduezaren nagusitasuna bereziki zabala izan da Gipuzkoan (Eibarkoa da), % 98,3koa hain zuzen ere, eta Bizkaian eta Araban % 93koa izan da.

PSE-EEren idazkari nagusi berri izango dena sozialisten bozeramailea da Eusko Legebiltzarrean, Gipuzkoan idazkari nagusi da, eta egungo zuzendaritzaren babesa zuen primarioetan.

Morla hautagaiak berak aitortu zuen aukera gutxi zituela, eta gaur medioei abisatu ere ez die egin noiz joan behar zuen botoa ematera.

Anduezak, berriz, hitz egin du botoa ematera joan denean, Eibarren, eta irabazle ikusten zuen bere burua. Esan du gaurko barne hauteskundeetatik "aro berria" irekiko dela, "esperantzaz eta ilusioz betea".

Hala, "guztion lana" eskatu du, Euskadira "zigilu sozialista" daramaten aldarrikapenak eramateko, tartean "klima aldaketaren aurkako borroka, berdintasuna eta indarkeria matxistaren aurka", alderdiaren indarra baliatuz, "Europatik Euskadiko udalerri txikienera".

Bozketan botoa emateko eskubidea zutenen % 65ek eman dute boza, eta PSE-EEk esan du datu ona dela bi herenera iristea, zeren Anduezari ematen zitzaion abantailarekin jendea etxean gera zitekeen beldur ziren. Gainera, aurrez-aurreko bozketa zen 74 udal elkartetan, eta zubiaren hasieran.

"Guztiak"

Anduezak eskerrak eman dizkie militante sozialista guztiei jasotako "zalantzarik gabeko" babesagatik, eta esan du "erronka asko" izango dituela "aro berrian".

"Gaur aro berri bat jarriko dugu abian euskal sozialismoan, gure 135 urteko historian, aurrean erronka asko ditugula, egiteko askorekin", gaineratu du sare sozialetan zabaldutako mezuan.

Era berean, EAEko sozialisten buruzagi berriak esan du "guztiak" nahi dituela aldamenean "esperantza, ilusio eta sozialismo aro berria hasteko".

Anduezak Idoia Mendiaren lekukoa hartuko du idazkari nagusi karguan. 7 urteko agintaldiaren ostean, aurreko hilean iragarri zuen ez zuela primarioetan aurkezteko asmorik. PSE-EEren buru ohiak zoriondu egin du Andueza sare sozialetan: "Asko pozten naiz zure garaipenarekin. Euskal sozialistok proiektu berria behar dugu, erronkei erantzuten diena eta irtenbideak ematen dituena, herritarrei irtenbideak emateko gaudelako gobernuetan eta politika egiten".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Idoia Mendia PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak Eneko Andueza